IPAR OSETIA

Beslango sarraskian agintariak errugabetzat jo ditu Errusiako Fiskaltzak

Ipar Osetiako Legebiltzarreko ikerketak, berriz, erruduntzat jo zituen

Erredakzioa
2005eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Beslango eskolan, 2004. urteko irailaren 3an gertatu zen triskantzan, Ipar Osetiako eta Errusiako agintariek errurik ez zutela izan ondorioztatu zuen atzo Moskuko Fiskaltzak. Vladikavkaz eta Moskuko arduradunak zigorgabetzeko neurri hau Ipar Osetiako Legebiltzarreko ikerketa batzordeak iragan azaroan plazaratutako ondorioen kontrakoa da erabat; izan ere, agintarion erantzukizuna nabarmendu zuten orduan. Errusiako Duma Legebiltzarrak gaur bertan plazaratuko ditu, aldiz, berak agindutako ikerketen ondorioak.

Errusiako fiskal nagusiorde Nikolai Shepelek atzo plazaratu zuen oharraren arabera, bere agindupean jardun duen aditu taldearen ikerketak ez du agerian jarri «Beslango ekintza terrorista ondoren izan ziren gertakari larrietan oker jokatu zenik». Errusiako FSB zerbitzu sekretuetako eta Larrialdi Egoeretako Ministerioaren arduradunek, ezta Vladikavkazeko edo Moskuko agintariek, beraz, ez dutela gertakari horietan inongo erantzukizunik ondorioztatu zuen Fiskaltzak.Beslango eskolako bahiketa 2004. urteko irailaren 1a eta 3a bitartean izan zen. Txetxeniaren askatasun eskubidea aldarrikatzen zuen gerrillari talde batek 1.200 lagun inguru gatibu hartu zituen eskolan eskolako aurreneko eguna zen eta ikasturte berria ospatzen ari ziren umeak, gurasoak eta irakasleak. Bahiketa hasi eta 52 ordu gerorago Errusiako indar armatuek eskolan sartu eta ondorioak itzelak izan ziren. Orotara 331 pertsona hil ziren, hauen artean, 186 haur. Oldar egite horretan ere, 32 gerrillarietatik 31k bizia galdu zuten, baita 12 soldadu edo polizia errusiarrek ere. Gatibu harutakoen eta segurtasun kideen artean zauritutakoak, berriz, 783 izan ziren.Nikolai Shepelek sinatutako agiriak zioenez, baina, « bahitutakoak askatzeko xedez, segurtasun indarrek lege federalek baimendutakoaren arabera aritu ziren, eta ez zuten gehikeriaz jokatu armamendu eta baliabide teknikoen erabileran». Errusiako Fiskal nagusiordeak, hartara, gezurtatu egin zuen biktimen senitartekoek egindako akusazio zehatzak, hala nolasegurtasun indarrek erasoaldian su-jaurtikailuak erabili zutela salatzen zuen informazioa. Beslango Amen Elkarteak, esaterako, susmoak dauzka erasoan bizia galdu zuten bahituetako asko su-jaurtikailu hauen eraginez edo segurtasun indarren eta ekintzaileen arteko tiroketen ondorioz hil zirela.

Biktimen amen kritikak

Errusiako Fiskaltzaren txosten honen berri izatean hauxe adierazi zuen Beslango Amen Elkarteko presidente Susanna Dudievak: «Ez gaitu ezertan harritu, ez genuen besterik espero-eta; Fiskaltzak bere bertsioari eusten dio eta biktimok azaldu genizkion lekukotasunei muzin egiten jarraitzen du». Beslango Amen Elkarteak bere kabuz daraman ikerketari eutsi egingo diola zehaztu zuen.

Errusiako Fiskaltzak argitara eman dituen ondorio hauek, Ipar Osetiako Legebiltzarrak eratutako ikerketa batzordeak joan den azaroan plazaratu zituenekin erabat kontrajarriak dira.Kaukasoko herrialde autonomo honetako legebiltzarkideek, aitzitik, gogor kritikatu zuten Vladikavkazeko edo Moskuko agintarien jokaera eta triskantza gertatzearen erantzuleak auzipetzeko eta zigortzeko eskaria egin zuten.Vladikavkazeko Legebiltzarraren eta Errusiako Fiskaltza nagusiaren iritziak erabat kontrajarriak direnez, beraz, arreta handiz begiratuko zaie Errusiako Duma Legebiltzarraren ikerketa taldeak gaur bertan plazaratuko dituen ondorioei.Shepel fiskal nagusiordeak izenpetutako oharrean azaltzen zen «erru aitortze bakarra» honako hau zioen esaldian zegoela: «Errusian gaur egun indarrean den ekintza terroristei aurrea hartzeko sistemak ez du bermatzen herritarren eta herrialdeen segurtasun osoa». Zeharka, baina, esaldi honetan aitortuta dago bahiketan segurtasun akatsak izan izan zirela. Beslango triskantzaren biktimen senitartekoek, hain zuzen, behin eta berriro susmoa azaldu dute bahitzaileek ekintza aurrera eramateko laguntza izan zutela. Hauen eta aditu askoren iritzian, armaz josita zeuden ekintzaileek, laguntzarik jaso ezean ezin izango zuten eskolaraino iritsi. Biktimen senideek uste dute, beraz, tokiko segurtasun indarren arduradun batzuek dirua eskuratu zutela bahitzaileen ekintza laguntzearen truke.Errusiako segurtasun indarren oldar egite odoltsuaren ondoren, bahitzaile bat bakarrik atera zen bizirik. Nurpashi Kulaiev 24 urteko txetxeniarraren aurkako epaiketa iragan maiatzaren 17an abiatu zen Vladikavkazen. Kulaievi «ekintza terrorista batean parte hartzea eta hilketak egitea» leporatzen diote. Heriotza zigorra ezartzen ahal diote gazteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.