Beste 47 kurdu epaitzen hasi dira Ipar Kurdistanen, 'terrorismoagatik'

Diyarbakirren auzipetuta dauden 152en antzera, horiei ere PKKri laguntzea egozten diete; tartean kargudun publikoak daude

arantxa elizegi egilegor
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Genozidio politikotzat jo dute batzuek, eta kurduen mugimendua amaitzeko ahalegintzat besteek, baina gauza batean bat datoz guztiak: Turkiak ez du nahi kurduak indartzerik; hortik, azken astean ia 200 lagunen aurkako epaiketak hasi izana. Lehena, astelehenean abiatu zen Diyarbakirren; 152 kurdu daude bertan auzipetuta, tartean hamabi alkate eta giza eskubideen aldeko dozenaka ekintzaile. Bigarrena, atzo hasi zuten 2008an atxilotutako 47 kurduren aurka -auzipetuetatik 22 preso daude oraindik-, «legez kanpoko erakunde baten aldeko propaganda» egitea leporatuta.

«Bake prozesuari ez dio mesederik egingo kargudun publikoak eta alderdietako kideak auzipetzeak», ohartarazi du defentsako abokatuetako batek, Vedat Ozkanek. Prozesu honetan ere defentsa kurdueraz egiteko aukera eta sententzia atera artean akusatuak aske uzteko eskatu dute abokatuek; alferrik, ordea. Epailearen erantzuna izan da turkieraz egin nahi ez badute, isilik egoteko eskubidea dutela. Adanako epaitegian defentsak eskaerak aurkezten zituen bitartean, kanpoaldean manifestariak bildu ziren. Poliziak, baina, indarrez desegin zuen manifestazioa, eta gutxienez hamar lagun atxilotu zituen -bederatzi adingabeak-, «legez kanpoko protestak» egiteagatik.

Auzi erabakigarria

Europako Batasunak datorren hilabetean aurkeztuko du Turkiak giza eskubideen eta demokraziaren alorrean egindako urratsen inguruko txostena. Horri dagokionez, erabakigarria izan daitezke Diyarbakirren eta Adanan egiten ari diren epaiketak. «Sententziaren araberakoa izango da Turkiaren eta Kurdistanen etorkizuna. Baina Justizia eta Garapenaren Alderdiak ulertu behar du kurduak atxilotzeak arazoa larriagotzeko soilik balio duela. Gobernuak onartu behar du gure beharra duela arazoa konpontzeko», nabarmendu du Aysel Tuglukek, Gizarte Demokratikorako Alderdiko kide ohiak.

Iritzi berekoak dira Diyarbakirgo auzitegien kanpoaldean bilduta dauden auzipetuen senide eta lagunak ere. «Legez kanpoko erakunde bateko kideak direla diote, baina ez dute frogarik. Kurduen eta kurdueraren beldur da Gobernua, eta horregatik atxilotu dituzte», gaitzetsi du Mustafa Ozdemirrek, Hacire Ozdemir politikariaren osabak. Seyithan Sen preso politikoaren emazte Guler Senen esanetan, berriz, kasu honetan ez da legea errespetatu. «Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak esku hartu du auzian, eta hori delitua da. Ez dugu uste jazarpen egoera honetan justizia egitea posible denik».

Txalo egiteagatik kartzelara

Turkiaren menpeko Kurdistanen ezer gutxi nahikoa da hainbat urteko kartzelara zigortua izateko. Horren froga da Batmanen gertatutakoa. Han zortzi lagun zigortu dituzte sei urte arteko kartzelara, gerrillaren eraso bati erreferentzia egiten zion kantu bat txalotzeagatik. Diyarbakirren, berriz, Kuzluk barrutiko alkateari zazpi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, «legez kanpoko erakunde bati laguntzeagatik».

Bestalde, Kurdistango informazio iturrien arabera, Turkiako armadak beste erasoaldi bat abiatu zuen atzo Bingol inguruan. Lerro hauek idazteko unean, itsasontzi eta lurreko indarrek bonbardaketekin jarraitzen zuten, nahiz eta biktimen berririk eman ez. Horretaz gain, militarrak Hakkari hirian ere sartu ziren, eta, lekukoen arabera, herritarrak tirokatu zituzten, eta 18 urteko gazte bat larri zauritu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.