Koordinatutako hamasei atentatuk gutxienez 46 hildako eta 180 zauritu eragin zituzten atzo Iraken. Eraso sailaren eguna ez da edonola hautatutakoa izan. AEBek eta Erresuma Batuak 2003an hasitako inbasioaren bederatzigarren urteurrena bete zen atzo, eta datorren astean, hilaren 29an, Arabiar Ligak goi bilera egingo du Bagdaden, lehen aldiz 22 urtean. Izan ere, 22 herrialde arabiar biltzen dituen erakunde horrek Iraken ez du bilerarik egin 1990etik, Saddam Husseinek Kuwait inbaditu zuenetik. «Badirudi terroristek atzera bota nahi dutela Arabiar Ligaren Bagdadeko goi bilera. Buruzagi arabiarrentzako mezua dira erasoak, Irak ez dela bertara joateko bezain segurua adierazteko», Hussein Xadhan al-Aboudi Karbalako kontseilu probintzialeko kideak esan duenez.
Irakeko Gobernuak berretsi duarmada gai dela goi bilerarako segurtasuna bermatzeko, baina aitortu du Bagdad erabat itxi beharko duela horretarako. Herrialdeko armada, hain zuzen, alerta egoeran dago egunotan datorren asteko bilera dela eta. «Erasoek segurtasun egoera ezeztatu nahi dute Karbalan eta Irakeko gainontzeko hirietan, eta herritarrek gobernuan duten konfiantza zapuztu nahi dute», Al-Aboudiren ustez.
Irakeko Estatu Islamikoa
Bagdaden hiru eraso egin dituzte: Atzerri Ministerioaren egoitzaren kontra bata, meskita baten aurka beste bat eta Poliziaren egoitza baten kontra azkena. Gutxienez 11 lagun hil dituzte herrialdeko hiriburuan, eta beste 37 zauritu. Al-Qaedari lotutako Irakeko Estatu Islamikoa talde armatuak bere gain hartu du Bagdadeko Poliziaren egoitza bati egindako erasoa. Bulego horrek gainbegiratuko du Arabiar Ligaren datorren asteko bileraren segurtasuna. «Gutxien espero duzunean etortzen da heriotza», esan du talde armatuak agiri baten bidez.
Karbalan, hiriburutik 110 kilometro hegoaldera, bi bonba-autok eztanda egin dute, eta gutxienez hamahiru lagun hil dituzte, bost erromes irandar tartean. Kirkuken, berriz, Iraken menpeko Kurdistanen, Poliziaren egoitzaren ondoan bonba-auto bat lehertu da, eta gutxienez hamahiru lagun hil ditu, eta 30 zauritu. Eztandak inguruan zegoen jendea txikitu duela azaldu du Moahammed Abdullah Kirkukeko ospitaleko medikuak: «Gorputz zatiak ere jaso ditugu, baina ez dakigu norenak diren».
Bestalde, erasotzaile suizida batek gutxienez bi lagun hil eta 30 zauritu ditu, Babel probintziako Hillah hirian autoa lehertuta, Bagdadetik 100 kilometro hegoaldera. Al-Anbar probintziako Ramadi hirian, berriz, hiru eraso egin zituzten, probintziako gobernadorearen kontra bat. Agintaria bizirik atera da erasotik, baina beste hiru zibil hil egin dira, familia berekoak.
Eraso katea handia izan da, eta aipatutako hirietan ez eze, iparraldeko Baiji, Samarra, Tuz Khurmato, Daduq eta Dhuluiya hirietan eta hegoaldeko Latifiya hirian ere egin dituzte atentatuak.
Indarkeriak, gora
Iazko abenduaren 18tik, AEBetako tropek herrialdea laga zutenetik, tentsioak eta indarkeriak gora baino ez du egin Iraken. Xiiten eta suniten artean osatutako batasun nazionaleko gobernuan arrakala konponezina zabaldu da Nuri al-Maliki gobernuburu xiitak Tareq al-Haxemi presidenteorde sunita atxilotzeko agindua eman zuenetik. Washingtongo soldaduak joan eta biharamunean eman zuen atxilotzeko agindua Al-Malikik. Harrezkero, Iraken menpeko Kurdistanen babestuta dago buruzagi sunita.
Islamaren bi adarren arteko tentsioen ondorioz, gutxiengo sunitek xiiten kontrako erasoak ugaritu dituzte. Joan den otsailaren 23ko atentatu sailean, esaterako, gutxienez 41 lagun hil zituen Irakeko Estatu Islamikoa taldeak, xiitak gehienak. Xiiten artean ere ez dago erabateko batasunik. Astelehenean dozenaka mila lagunek protesta egin zuten Basoran, Muqtada al-Sadr elizgizon xiitaren gidaritzapean. Hobekuntza sozialak eskatu zizkioten manifestariek gobernu xiitari, eta atzerriko potentzien esku hartzea amaitzeko ere eskatu zuten.
Beste atentatu sail bat izan da Iraken, Arabiar Ligaren goi bileraren atarian
Gutxienez 46 lagun hil eta 180 zauritu dituzte herrialdeko hainbat hiritan egindako 16 erasoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu