Artikoak ez du jaberik. Oraindik, behintzat. Errusiak bere plataforma kontinentala Lomonosov gailur-lerroraino iristen dela frogatzen badu, ordea, Artikoaren azpian dauden natur baliabideak ustiatzeari ekin ahalko dio. Hala egingo balu, etekina itzela litzateke Moskurentzat: munduan gelditzen diren natura baliabideetatik asko, izan ere, han gordetzen dira. Klima aldaketaren ondorioz, gainera, haietara iristea orain baino errazagoa izango da. Lurraren tenperatura igotzearekin bat, hain zuzen, izotz plakak mehetu egingo dira; horri esker, itsas hondoan dauden natura baliabideak eskuragarriagoak bihurtuko dira. Horrek, baina, Artikoko indigenen geroa arriskuan jar dezake; lehendik ere klima aldaketaren eraginak gogorren sufrituko zituztenak izango zirela zioten adituek-tundrak gutxitu ahala, lurrik gabe geldituko dira, besteak beste-. Eta Artikoarekin muga egiten duten estatuek hasi duten lehiak kezkatzeko arrazoi gehiago eragin dizkie.
Mundu osoan geratzen diren gas eta petrolio baliabideen %22, gutxi gorabehera, Artikoko esparruan aurkitzea espero dute, eta, besteren artean, Errusia izan da lehena dagokion itsas eremu eskergarekiko jabetza eskubidea eskatzen, etorkizunean iparralderantz hedatu ahal izatea bermatzearren. XV. mendeko konkistatzaileen gisan egin du, gainera: Artikoaren bihotzera joan da, bandera bat jarri du eta hango dena berea dela aldarrikatu du.
2007ko uztailean, Artur Chilingarovek, Errusiako esploratzaile ezagunenetakoak Ipar Poloko hondoan bandera jarri zuen espedizioa zuzendu zuen. Hark esan zituen Errusiak mugakide dituen herrialdeak hainbeste haserretu zituen hitzak: «Artikoa errusiarra da».
2008ko irailean, batiskafo errusiarrek Lomonosov dortsalaren azpiko aldea aztertu zuten; eta egindako lanetik ondorioztatu zuten hura Errusiako plataforma kontinentalaren barnean zegoela. Hala balitz, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ontzat joko balitu hark egindako frogak, beretzat duen eremua ustiatzen hasi ahalko litzateke Errusia.
Errusiako Natura Baliabideetako ministroak argi utzi du Errusiak 2013an igorriko diola NBEri eremu horrekiko eskubide eskabidea; zehazki, Mendebaldeko Europaren adinakoa den itsas esparruarekiko jabetza eskubidea eskatuko du.
Ingurumen sentibera
Errusiaren eskakizunari gogor egin diote kontra hainbat herrialdek, hala nola AEB Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak eta Groenlandiak. Norvegiak, aldiz,ez du halako zalapartarik atera - dagoeneko lurralde eskergak bereganatuta ditu NBEren sistemaren bitartez-, nahiz eta etorkizunean iparraldean garatzekoa duen petrolio industria.
Klima aldaketak ekarri du Ozeano Artikoa eta hango tundrak ustiatzeko ahalbidea. Batetik, itsas hondoko baliabideak daude, eta, bestetik, tundren azpian aurkitu daitezkeen metal eta mea baliabide izugarriak.
Zientzialariek eta politikariek, berriz, onartu egin dute planetako beste inon baino sentiberagoa dela ingurumena iparraldean. Artikoko industrializazio lasterrak ingurumenean izandako eraginak ezinago kezkatuta dauzka hango nazio estatugabeak. Apirilean, nazio horietako ordezkariak Moskun bildu ziren, egoera eztabaidatzeko. Han izan ziren Errusiako nazioak eta, orobat, Iparraldeko Kontseilu Samia, Aleutiarretako Nazioarteko Elkartea, Athabascako Kontseilu Artikoa, Poloetako Inuiten Kontseilua eta Gvitsjingo Nazioarteko Kontseilua.
Artikoa, elkarrizketarako gunea lelo itxaropentsua izan zuten goiburu Errusiako hiriburuan egindako jardunaldi horretan. Bileran egindako adierazpenen artean, poloen inguruko nazioek nabarmendu zuten klima aldaketak ugaldu egin dituela gizakien eta animalien heriotzak, kostaldeak narriatzeraino eta haietako zenbait animalia eta landare espezie erabat galtzeraino. Eragile horiek guztiek, bada, hondatu egin dute alderdi hartako gizakien bizimodu tradizionala. Bileran aipatu zuten, besteak beste, iparraldeko industrializazioak areagotu egin duela ingurumen kutsadura. Haatik, industrializazioak eragin dezake aberastasunik estaturik gabeko nazioetan; horretarako, baina, herri indigenei eskubideak aitortu zaizkiela bermatu beharko dute.
Zenbait nazio estatugabeetako ordezkari zeharo eszeptiko agertu ziren estatuek egindako promesen inguruan; aurrerantzean ere gertu-gertutik ikuskatuko dute garapena, eta elkarlanean arituko dira estatuei dagokienez.
Badute bestelako ekinbiderik ere iparraldeko baliabideen lehia horretan; hain zuzen, Artikoko estatu batzuek ezabatu egin dituzte estatu auzoekiko mugak, eta horrek politika tirabira biziagotu egingo du etorkizun hurbilean.
BESTE BATASUNA. Artikoan, baliabideen lehian
Errusia itsas eremuak eskatzen hasia da Artikoan, eta hango nazio indigenak, samiena tartean, gero eta kezkatuago dauzka etorkizunak, lehendik ere ilun ageri baitzaie klima aldaketa dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu