Abiatu berri den urte hau, ordea, beste erronka batena izango da enpresetako kapitalean parte-hartzeak egiten dituen egitura horrentzako. Izan ere, Korsikako Lurralde Asanbleako hautetsiek iaz aho batez eginiko bozketa batean, eskualde kolektibitate horrek sei milioi euroko inbertsio funts baten kudeaketaren ardura jarri du erakundearen eskuetan. Egiturako enpresa pribatu txikien Femu Qui Inseme (Hemen, elkarrekin egin dezagun) elkarteko buru Jean-Nicolas Antoniottik pozik agertu da erronkarekin: «Lurralde kolektibitatearen erabakia 2000an kapital pribatu eta publikoak bateratzen dituen gure eredu bereziarekin egin dugun lanaren onespenezko seinale argia da».
Femu Qui Inseme elkarteak, hain zuzen, bihar egingo du bere biltzar nagusia, Ajaccio eta Bastia hirietan une berean, bi bilguneen arteko lotura bideokonferentziaz egingo delarik. Diru sartzaile pribatu txikien elkarteak begi onez ikusi du, beraz, Femu Qui egituraren erronka berri hori -Lurralde kolektibitatearen funtsaren kudeaketa-, baina herritar akziodunek, hasieratik daukaten legez, lehentasunezko eginkizuna izatea zorrotz zaindu behar dela iritzi dio Antoniottik: «Gobernatze molde berriarekin, administrariek kontrola betekizun bat izango dute, agintaritzaren zeregina izango delarik, aldiz, laguntza eskaera egileei harrera egitea eta hauen egitasmoak aztertzea».
Femu Quiko diru emaile txikien elkartearen biltzar nagusiko eztabaiden ondorioz proposamenak azaleratuko dira. Erabakiak, baina, Femu Qui egitura orokorraren biltzar nagusiak soilik hartu ditzake, hau datorren uztailean egitekoa delarik, ontsalaz. Izan ere, 2000. urtean erabaki zen berregituraketaz geroztik, herritar aurrezkian oinarritutako diru inbertsiorako egitura hau, hiru bazkide taldetan eratuta dago: diru emaile pribatu txikiak, diru emaile pribatu handiak eta diru emaile instituzionalak.
400 lanpostu-sortze lagundu
Duela hamar urte erabaki zen berregituraketari esker, Femu Qui-k kapitala gehitu zuen 2001ean. Kapital gehitze horren ostean, lagundutako ekonomia egitasmoen balantzea honako hau da: 4,2 milioi euro inbertitu dira, 227 egitasmori harrera egin zaie, lehen azterketa bat egin ondoren 133 laguntza dosier ireki dira eta, azkenean, 70 proiektu dira aztertu. Ororen buru, 23 enpresatan esku hartu du Femu Quik, horietatik %60 eratzeak direlarik, %26 garatzeak eta %14 eskuz aldatzeak. Orotara 400 lanpostu sortzen lagundu du egiturak. Gaur egun, hemezortzi egitasmotan esku hartzen du Femu Quik.
Femu Qui datuetan
EGITURA BAT, HIRU TALDEEgituraketa. Femu Qui sozietate anonimo gisa dago egituratuta. Haren bazkideak hiru taldetan banantzen dira: diru emaile pribatu txikiak, diru emaile pribatu handiak eta erakunde publikoak. Orotara 2.100 diru emaile pribatu txiki daude eta 10.280 akzio dauzkate eskuetan, kapitalaren %38,9 kontrolatzen dutelarik; diru emaile pribatu handiak hamalau dira eta 3.600 akzio dauzkate, bakoitzak gutxienez 20.000 euro dituelarik -talde honetan aurkitzen dira bankuak, garraio enpresak eta inbertsio funtsak-; kapitalaren %13,6 kontrolatzen dute; azkenik, lau dira diru emaile instituzionalak eta 8.889 akzio edukita, kapitalaren %47,5 kontrolatzen dute. Korsikako Lurralde Asanblea da erakunde handiena: kapitalaren %33,6 eskuko du. Beste hiru erakundeak hauek dira: CDC-entreprise inbertsio funts publikoa etaHego Korsika zein Korsika Garaia departamenduetako Merkataritza eta Industria Ganberak.
Kapitalaren banaketa. Oro har, kapitalaren %52,6 diru emaile pribatuetatik dator.
Kapitalaren kopurua. 2001. urtean egin zen kapital gehitzearen ondorioz, Femu Qui sozietate anonimoak 3.041.175 euroko kapitala du gaur egun.
Diru laguntzen banaketa. Femu Quik lagundutako enpresen herenak bost langile baino gutxiagokoak dira, beste heren bat bost eta hogei langileren artekoak dira eta azken herena hogei langile baino gehiagoko enpresak dira.
Diru mailegurako baldintzak. Femu Qui-k enpresa komertzial modura egituratutako enpresen kapitalaren osaketan parte hartzen du , baldin etajarduera uhartean kokatua badute eta lanpostuak mantentzen edo sortzen badituzte.
Laguntza neurria. Femu Quik 70.000 eta 200.000 euroren arteko laguntzak banatzenditu.