Bretainiako ezkerreko independentistak bateratzea gura du joan den urriaren 24 eta 25ean eratutako Breizhistance alderdiak (Bretainiako Alderdi Sozialista). Egitura politiko berriak asteartean egingo du lehen mitina, eta orduan du aurkeztuko Bestelako Bretainia batentzako 100 proposamen egitasmoa. 2010eko martxoan egingo dituzten eskualdeetarako hauteskundeen ikuspegian Bretainiarentzat instituzio ahaldun eta eraginkorrak eskatzeko asmoz, Breizhistancek hitz egin nahi du lurraldeko beste indar politiko andanarekin. Egitasmo horren inguruan bat etortzerik lortu ezean, Breizhistance bakarrik lehiatuko litzateke boz horietara.
Breizhistanceren eraketa, azken batean, bilakaera baten ondorioa da. Izan ere, Bretainiako ezkerreko independentistak biltzea helburu duen alderdi berria politika alorrean ziharduten bi egituren bat-egitetik sortu da. Horietatik, 1983an sortu zuten Emgann-Bretainiako Ezker Independentista Mugimendua da bat; eta bestea, berriz, Loire-Atlantique departamendua Bretainiako eskualdera berriro lotu dadin borrokatzen den44 Breizh! herritar egitura.
Joan den urriaren 25 eta 26an egin zuten eraketa batzordea Felger hirian (Fougeres - Ille-et-Vilaine departamendua), eta batzorde hartan zuten aldarrikatu Breizhistance alderdi politiko bilakatzea. Bretoieraz Bretainia esan nahi duen Breizh eta frantseseko résistance (erresistentzia) bateratzetik dator mugimenduaren izena. Egitura politiko berriak, haatik, PSB Bretainiako Alderdi Sozialista izena ere hartu du. Izen bikoitz horren esanahia argi uztearren, hauxe azaldu dute Felgerko eraketa kongresuan: «Erresistentzia da Frantziako Estatuari eta bertako gobernuaren politikari aurre egiteko; Alderdi Sozialista izenarekin, berriz, argi utzi nahi dugu ezkerrean sustraituta gaudela».
Alderdi gisa Breizhistancek antolatu duen lehen ekitaldi politikoa datorren asteartean egingo dute, azaroaren 10ean, Roazhonen (Rennes-Ille-et-Vilaine). Bertan, Bestelako Bretainia batentzako 100 proposamen egitarau politikoa aurkeztuko du Breizhistancek. Proposamen horien ardatz bateragarria da Bretainiak bere oraina eta geroa bereganatzeko baliabide politiko eta instituzionalak eskuratzeko exijitzea. Hala, ehun proposamen horien artean dago berriro batuta egongo den Bretainiak eskumen zabaleko legebiltzar bat lor dezan.
Eskualdeetako bozak
Roazhongo mitinean ere adostu beharko dute zein izango den Breizhistanceren jarrera, datorren urteko martxoan egitekoak dituzten eskualdeetarako bozetan. Zehazki, Bretainiako Alderdi Sozialistako kideek argitu beharko dute boz horietarako aliantzakzeinekin egingo dituzten. Breizhistancek oraingoz plazaratu duen jarrera nahikoa zabala da: «Bretainiarentzako alternatiba baten alde eta bereziki bilakaera instituzional eraginkor baten alde liratekeen indar politikoekin hitz egitea».
Irizpide horiekin bat, aliantza aski zabal batean parte har lezakeBreizhistancek. Zehazki, Roazhongo bilkuran horretarako baimenik ematen badiete, alderdi berriko arduradunek hitz egingo dute Strollad Breizh-Parti Breton eta UDB Bretainiako Batasun Demokratikoa alderdi autonomistekin; lehena zentro-eskuinean kokatuta dago, eta bigarrenak, berriz, sozialdemokratatzat du bere burua. Bide beretik, betiere Bretainia batu eta eskumen instituzional zabal baten aldeko helburuekin ados izanez gero, Breizhistancek hitz egin gogo du indar politiko frantziarrekin ere, hala nola Berdeekin eta NPA Alderdi Antikapitalistarekin. Oraingoz, haatik, PS (sozialistak), PCF (komunistak) eta PG ezkerreko indar politiko frantziarrekin bat etortzeko aukerarik ez du ikusten.
«Ziklo baten amaiera»
Felgerko kongresuan parte hartu zuten Emganneko kideek Breizhistancen sartzea ebatzi zuten, eta alderdiaren jarraitzaileei bide berari ekiteko deia zabaldu zieten. Honez gero, Emgann desagertu egin da. Taldeko bozeramailea izan zena, Gael Roblin,Breizhistancen kanpo harremanetarako bi arduradunetatik bat izango da. «Emgann sortu genuen ezkerreko independentisten egitasmoak lau haizetara plazaratzeko; alabaina, ziklo baten amaieran ginen, eta orain historia berri baten atarian gaude». Breizhistancek, 2010eko eskualde bozei begira, Bretainiaren aurrerapen eta garapenaren aldeko aliantza zabal bat bultzatzeko asmoa baldin badu ere, Roblinek argi utzi du azken helburua zein den: «Independentziaren aldekoak eta ezkerrekoak gara».
BESTE BATASUNA. Bretoi independentista ezkertiarrak bateratzea du helburu Breizhistancek
Emgann alderdiak eta 44 Breizh! herri plataformak bat eginda sortu dute Bretainiako Alderdi Sozialista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu