BESTE BATASUNA. FLANDES. BHV hautes barrutiaren auziak ez du Belgikako Gobernua erorarazi

Lehen ministro federalak konfiantza mozioa irabazi eta barrutia zatitzeko erabakia atzeratu du

2005eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Belgikako Legebiltzarraren konfiantza berretsi zuen atzo Guy Verhofstadt lehen ministroak, gobernu koalizioko alderdiek Brusela-Hal-Vilvoorde hautes barrutiaren auziari aterabidea aurkitu ez dioten arren. Joan den asteartean Belgikako lehen ministroak eskatutako konfiantza mozioa aldeko 97 botorekin eta kontrako 50ekin gainditu zuen, agertu ziren 147 legebiltzarkideen artean. BHV hautes barrutiaren zatiketaren inguruan oraingoz konponbiderik lortu ez zutelako eskatu zuen konfiantza mozioa. Hala, auzi horrek Belgikako Gobernua hausteko arriskua oraingoz atzeratzea lortu zuen.

Liberal eta sozialistek osatzen duten koalizioko diputatu guztiek eman zioten aldeko botoa, eta oposiziokoek (kristaudemokratak, eskuin mutur flandestarra zein waloniarra, autonomista flandestarrak eta berde waloniarrak) aurka bozkatu zuten. Gainera, flandestarrek joan den urrian BHV hautes barrutia zatitzeko aurkeztu zituzten lege proiektuen gaineko eztabaidak sine die (egunik zehaztu gabe) atzeratzeko eskatu zion Verhofstadtek Legebiltzarrari. Horrek oposizioan diren alderdi flandestarren haserrea eragin zuen. Esaterako, Vlaams Belang eskuin muturreko nazionalistako diputatuek BHV, gezurra eta engainua zioten kartelak erakutsi zituzten. CD&Vko kristaudemokratek ere antzera jokatu zuten.Horrenbestez, Flandesko Gobernuaren esku geratu da berriz BHVren gaineko eztabaida. Gobernu horrek hautes barrutia berehala zatitzeko eskatu zuen.Lehen ministro federalak zein Flandesko Gobernuak iazko urrian konpromisoa hartu zuten «lehenbailehen» auzia konpontzeko. Hainbat hilabeteko negoziazioen ondoren, ordea, ez dute arazoa konpondu.

Auzi korapilotsua

Belgikak hiru eskualde federatu ditu: Flandes, Walonia eta Brusela. Flandesek, iparraldean, sei milioi hiztun flandestar ditu eta Waloniak, hegoaldean, 3,4 milioi frantses hiztun. Bi eskualde federatuetan beste gutxiengo nazional horietako biztanleak ere badaude eta, horrez gain, Walonian alemanez mintzo diren 70.000 biztanle daude. Bruselan, berriz, waloniarrak dira nagusi, baina haiek zein flandestarrek hizkuntz eskubideak aitortuta dituzte.

Bruselatik inguruko hiri eta herrietara Brabant eskualdera gero eta gehiago aldatu dira frantses hiztunak. Brabant flandestarra eta Brabant waloniarra daude, baina arazoak eremu flandestarrean sortu dira. Eremu bakoitzean, oro har, dagokion nazionalitateko alderdiak soilik aurkez daitezke. Baina Brusela hegoaldeko Hal hirian (nahiz eta flandestarra izan) lehiatzeko eskubidea dute orain arte alderdi waloniarrek. Halek, Brusela eta Vilvoorde hiriekin batera osatzen du hautes barrutia eta flandestarrek ez dute batere ondo ikusten frantses hiztunen alderdien presentzia. Hala, barruti osoa flandestarrentzat soilik izateko eskatzen dabiltza. Flandestarrak Belgikako biztanleen %60 izaki, beren ordezkaritza politikoak Flandesko Gobernuan ez ezik Belgikakoan ere krisia pizteko arriskua dago.Waloniarrek, ordea, Brusela hiriburuaren eskualdea hedatzea Walonia Bruselarekin lotzeko, besteak beste eta frantses hiztunak dauden hiriak (tartean Hal) hartzea nahi dute. Krisiaren eztanda saihestu dute orain diputatuek, eta badirudi oraingoz bai Flandesko bai Belgikako gobernuak ez direla desegingo. Haatik, konpontzeke segitzen du BHVko hautes barrutiaren auziak eta aurrerantzean ere zeresan eta polemika franko emango ditu.

-

40 urteko auzia



1965: Brusela-Hal-Vilvoorde (BHV) hautes barrutia zatitzeko eskatzen hasi ziren flandestarrak, beren eskubideak waloniarrenen aurrean kaltetuta zeudela esanez.2000: Flandesko Legebiltzarrak aho batez erabaki zuen hautes barrutia bitan zatitzeko eskatzea.2002: Belgikako Arbitraje epaimahaiak Konstituzioaren kontrakotzat jo zuen BHV hautes barrutiaren egoera, Belgikako eta Europako bozetarako zehaztutako hautes barrutien egiturarekiko kontraesankorra zela argudiatuta.2004ko otsailaren 8a: «Gobernu desobedientzia» egingo zutela ohartarazi zuten BHVko 22 alkatek, barrutia ez bazuten ekaineko bozen aurretik banatzen. Barrutiak Konstituzioak ezarritako eskualdeak eta hizkuntz eremuak aintzat hartzen ez dituela zioten alkateek. 2004ko urriaren 11: Flandesko Legebiltzarreko alderdiek hitzartu zuten hautes barrutia bitan zatitzearen alde bozkatuko zutela Belgikako Legebiltzarrean. Hil batzuk lehenago Arbitraje epaimahaiak esan zuen legez kanpokoa zela Hal-Vilvoorde elebidun deklaratzea.

2005eko urtarrilaren 18a: Hautes barrutiaz erabakitzeko eratutako Belgikako Legebiltzarreko batzordeak ebazpena atzeratzea erabaki zuen.

2005eko otsailaren 1a: Hautes barrutiaren inguruko eztabaidan, SP-A koalizio sozialistako buru Steve Stevaertek esan zuen Flandesko alderdiak ados jartzen ez zirenez onena ministro federalekin banakako bilerak egitea izango zela: «Hala, auzian noraino iristeko prest dauden azaltzeko lotsarik ez dute izango».
2005eko apirilaren 20a: Hautes barrutia zatitzeaz egiten ari ziren eztabaiden haritik, «kontsentsuzko negoziazioa» egitea eta kristau demokraten esku hartzea lortzea nahi zutela esan zuten Erreforma Instituzionaletarako Belgikako ministroak eta ministrordeak.
2005eko apirilaren 25a: Barrutia zatitzea erabaki ezean sostengua kenduko ziotela ohartarazi zioten alderdiek Belgikako Gobernuari.
2005eko maiatzaren 13a: Auziari oraingoz aterabidea aurkitu ez dioten arren, ez dio Belgikako Gobernuari eta lehen ministroaren postuari eragin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.