BESTE BATASUNA. Flandriako Gobernua, martxan

Eskualdeko finantza publikoak urtebete baino lehen orekatzea da Kris Peeters buru duen gobernuaren lehen xedea

2009ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Flandriako Gobernuak, Kris Peeters kristau-demokrata buru duela,hilaren 4an ekin dio lanaldi politikoari. Peetersek -aurreko bost urteetan ere kargu horretan jardun du- kabinete berria aurkeztu zuen iragan uztailaren 11n, eta exekutiboak orain ekin dio urte politikoari. Belgikako beste eskualde autonomoetan bezala (Valonia, Brusela eta aleman hiztunen erkidegoan), Flandrian ekainaren 7an egin ziren hauteskundeetako emaitzen arabera eratu zuen aginte berria Peetersek. CD&V alderdi kristau-demokratak, SPA alderdi sozialistak eta NV-A indar politiko independentistak gobernu aliantza egin zuten. Hiruren artean gehiengo osoa eskuratu dute horrela; Flandriako Legebiltzarreko 124 diputatuetatik 66 dituzte.

Flandriako gobernuburuak argi azaldu du bere gobernuaren helburu nagusia eskualde autonomoko finantzak 2011rako orekatzea dela. Flandriaren «onurarako» izango litzateke hori, haren hitzetan, eta horregatik ezarri dute lehentasun hori. Flandriako finantzak sanotzea betiere Belgikako estatu federalaren defizita murrizteko nolabaiteko laguntza izatea espero duela ere zehaztu du Peetersek. Haatik Valoniak, Bruselak eta aleman hiztunen erkidegoak euren finantzak horren laster orekatzea ez dutela lortu ahal izango ohartarazi du Peetersek, eta hori euren «ardura» izango dela gaineratu.

Finantzak 2011. urterako sanotzea lortu ondoren, bere gobernuaren egitasmoak zeintzuk izango diren ere zehaztu du Peetersek: «2011 eta 2014. urteen artean, 1.000 milioi eta 1.400 milioi euro arteko inbertsio diru kopuruak ateratzea espero dugu, eta hauek herritarren ongizatean eta politika sozial berri batean inbertituko ditugu, hala nola lanpostuak sortzean eta etxebizitzak eraikitzean. Berrikuntzak bultzatzea ere gure helburuen zerrendan sartu dugu».

Belgikako eredu federalak sarritan pairatzen duen krisiari irtenbideak emate aldera, aldiz, ezkorra azaldu da Peeters: «Nire aldetik, ahalegin guztiak egingo ditut komunitateen arteko elkarrizketa aurrera eramateko; baina, tamalez, honek ez gaitu inora eraman. Elkarrizketa saio hauek porrot egin dute, frantses hiztunen alderdiek negoziazioak eten dituztelako, Bruselako erkidegoko hiru alkateren izendapenaren inguruan piztutako auzia aitzakiatzat hartuz». Flandriako gobernuburuaren iritzian, Belgika, «oso herrialde korapilatsua da» eta horregatik ez da «guztiz baikorra» laster estatu ereduan aldaketak egingo direlako kontuan.

Flandriako berezitasuna nabarmendu berri du Peetersek: «Valonian eta aginte federalean dauden gobernu koalizioekin alderatuta, gure gobernu aliantza ezberdina da; NV-A eta SPA daude nire gobernuan, baina ez daude ordezkatuta,aldiz, Gobernu Federalean. Gobernu koalizio berdinak egoteak gauzak erraztuko zituen beharbada, baina, horrela ez denez gero, dagoenarekin egokituko gara».

Hiru alderdiko aliantza

Kris Peetersek iragan uztailaren 11n aurkeztu zuen kabinetean bederatzi ministro daude. Karguen banaketa gobernu koalizioa hitzartu zuten hiru indar politikoen artean egin dute, haiek ekainaren 7an lortutako emaitzen arabera. Hala, CD&V alderdi kristau-demokratako lau ministro, SPA alderdi sozialistako hiru eta NV-A indar independentistako bi ordezkari daude Gobernuan. Peetersek (CD&V) gobernuburu karguaz gain, Ekonomia, Atzerri Politika, Nekazaritza eta Arrantza sailak ditu bere ardurapean. Bi gobernuburuordeei dagokienez, Ingrid Lietenek (SPA) Inbertsio Publikoak, Berrikuntza, Pobreziaren Kontrako Jarduna eta Hedabideak ditu bere gain, eta Geert Bourgeoisek (NV-A), berriz, Barne Administrazioa, Turismoa eta Brusela inguruko eremu flandriarra ditu ardurapeko sailak. NV-Ako beste gobernukideak ere,Philippe Muytersek, oso sail garrantzitsuak dauzka eskuetan, hots, Finantzak eta Aurrekontuak, Lana eta Lanbide Heziketa, Lurralde Antolaketa eta Kirolak.

Hiru indar politiko hauek agintaldi lasaia izan dezakete beren artean ados jarriz gero; izan ere, gehiengo osoaren jabe dira Legebiltzarrean. Ekaineko bozetan CD&V alderdiak 31 legebiltzarkide lortu zituen, SPAk hemeretzi eta NV-Ak hamasei. Ordezkariak lortu dituzten beste indar politikoak hauek dira: Open Vld (liberalak), 21 biltzarkide; Vlaams Belang (eskuin muturra), 21; Lijst Dedecker (eskuindar populistak), zortzi; Groen! (ekologistak), zazpi, eta UF (Flandriako frantses hiztunen alderdia), bakarra.

Vlaams Belang eskuin muturreko taldearen gainbehera izan zen ezusteko handiena ekaineko bozetan, 2004. urteko emaitzekin alderatuta 11 biltzarkide galdu baitzituen. Flandriako bigarren indar politikoa da egun, haatik, Open Vld-rekin ex aequo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.