BESTE BATASUNA. Flandriaren eta Valoniaren arteko alde ekonomikoak murriztu egin ditu krisiak

Flandriako «mirari ekonomikoa» amaitu dela ohartarazi dute; Bruselan protesta egin dute sindikatuek

2010eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Flandriako eta Valoniako zein Brusela Halle-Vilvoorde eskualdeko eta alemaniar hiztun erkidegoko dozenaka mila langilek hiriburuko kaleak bete zituzten atzo, krisi ekonomikoaren ondorioengatik euren kezkak agertzeko. Belgikako hiru sindikatu nagusiek deitutako manifestazioan, 35.000 eta 40.000 lagun artean parte hartu zuten, eguraldi kaskarrari aurre eginez.

Alemaniako Opel auto enpresak orain dela zenbait egun iragarritakoak, hots, Anberesen, Flandriako hirian, daukan planta ixteko asmoa daukala jakinarazteak kalera aterarazi ditu eskualde autonomoetako langileak. Iragarpen horrek, halaber, nabarian utzi du Flandria aberatsa bera ere ez dela krisi ekonomikoaren ondorioetatik gerizatua. Anberesko Opel fabrika itxiz gero, 2.600 langile inguru kale gorrian geratuko dira.

«Flandriako mirari ekonomikoa amaitu da». Eric van Rompuy Flandriako Ekonomia ministro ohiak horrelako adierazpen kategorikoa egin du RTL irratiari emandako elkarrizketan. CD&V Flandriako alderdi demokristauko diputatuaren iritzian, Flandriak ez dauka nahikoa pisurik ekonomia globalizatu batean: «Belgika bezalako estatu txiki batek edo Flandria bezalako eskualde autonomo txiki batek ez daukate behar haina indar eta eraginik, eta enpresa multinazionalek euren plantak ixten dituzte estatu eta eskualde ahulenetan». Hortaz, ministro ohiak ez du uste Opelen agintaritza nagusiak atzera egingo duenik: «Erabakia hartuta dauka, eta ez du aldatuko».

Flandria enpresa multinazionalen menpekoa dela uste du diputatuak, eta horiek, krisi garaietan, jatorrizko herrialdera edo Asiara zein Ekialdeko Europara lekuz aldatzeko joera dutela: «Flandrian eskasian dauzkagu Europako esparruan garatzeko aukerarik izango luketen enpresa txiki eta ertainak». Van Rompuyren iritziz, «industria handien garaiak berea egina du», eta, hortaz, «alor berrietan inbertitu behar da; abantailarik sortuko dituzten garapen bideak urratuz».

Flandria Europako Batasuneko 30 eskualde aberatsenen artean sailkatua baldin bada ere, gaur egun ahulezia nabarmenak dituela agerian gelditu da azken urtean. Flandriaren eta Valoniaren artean egon diren alde ekonomikoak ere murriztu egin dira krisiarekin.

Krisi garaian ere aldea bada

Belgika ere krisi ekonomikoan murgilduta dagoelako seinale langabeen kopurua da; urtebetean 26.485 lagun gelditu dira lanposturik gabe, datu ofizialen arabera. Iazko abenduan langabezia saria jasotzen zutenak 412.738 ziren estatu federalean. Langabe horietatik 192.866 valoniarrak ziren, 151.040 flandriarrak. Brusela Halle-Vilvoorden, berriz, 68.832 ziren langabeak. Flandria da, iaztik, langabe kopurua gehien igo den eskualdea; urtebetean 5.369 langabe gehiago daude.

Herrialde edo eskualde baten egoera ekonomikoaren adierazgarri da ere herritarren zorpetzea. CCP Herritarren Mailegu Agentziak zabaldutako azken datuen arabera, itzultzen ahal dutena baino zor gehiago duten herritar kopuru handiagoa da Valonian: %44,85. Flandrian %39,55 dira, eta%12,26 hiriburuko eskualdean. Haatik, kasu horretan ere, zorpetze tasaren hazkundea handiagoa izan da Flandrian (%3,92), Valonian baino (%2,56). Brusela Halle-Vilvoorden %6,98 handitu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.