BESTE BATASUNA. HERRIALDE KATALANAK. Lurralde antolaketa berria izango du Kataluniak, begerien eraketarekin

Lau probintzia izan ostean, zazpi begeria izango ditu Kataluniak, Erdi Aroko lurralde antolaketara itzulita

2010eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Urrats historikoa emateko asmoa du Kataluniako Gobernuak. Izan ere, herrialdearen lurralde antolaketa aldatuko du PSC, ERC eta ICVren Gobernuak, lau probintzia izan ostean zazpi begeria izanda. Aldaketa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, 1833. urtetik Katalunia lau probintzietan banatua egon da -Espainiako Gobernuak ezarri zuen banaketa-. Hirukotearen Gobernuak, baina, Erdi Aroko lurralde antolaketara itzultzeko lege proiektua aurkeztu du, eta zalaparta sortu du Katalunian.

Lurralde antolaketa berriaren arabera, Diputazioak desagertu eta zazpi Begeria Kontseilu sortuko lirateke. 2006. urtean onartutako Estatutuak begerien lege proiektua garatzen badu ere, oposizioa aldaketaren aurka agertu da, oraingoz. Oriol Pujol CiUko kideak erreforma errefusatu du, krisia gainditzea lehentasuna izan behar duela uste duelako: «Orain ez da momentua».

Joan Ferran PSCko Kataluniako Parlamentuko bozeramaileak, berriz, aldaketarekin aurrera egingo dutela esan du. «Gobernua gai da gauza bat baino gehiago aldi berean egiteko. Pujol jaunak ez badaki pentsatzen eta gidatzen aldi berean, haren arazoa da». Lege proiektuak aurrera egiteko, Kataluniako Parlamentuaren eta Espainiako Gorteen onarpena jaso beharko du.

Herrien arteko ika-mikak

Begerietan oinarritutako antolaketak hainbat herriren arteko eztabaidak berpiztu ditu hainbat eskualdetan. Reus eta Tarragonaren artekoa da sutsuena, biak ala biak Camp de Tarragona begeriako hiriburua izan nahi dutelako. Manresa eta Vic-en eztabaida berdina dute Catalunya Central begeriaren kasuan. Penedesko eskualdean, haatik, berezko begeria sortzea eskatu dute hainbat mugimenduk.

Diputazioak desagertuko badira ere, probintzien lurralde banaketa ez da guztiz desagertuko Katalunian. Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan, esaterako, lau probintziak barruti gisa mantenduko dira.



Anna Simo.ERCko bozeramailea Kataluniako Parlamentuan

«Errealitate historikoak aitortuko ditugu begeriekin»

J.N.

ERC Esquerra Republicana izan da lurralde antolaketa berriaren bultzatzaile nagusia. Anna Simo (Els Alamus, Lleida, 1968) Kataluniako Parlamentuko ERCko bozeramaileak aldaketarekin aurrera jarraituko dutela baieztatu du, oposizioak «adostasunarekin» bat ez egin arren.

Begeriek Kataluniako lurraldeen errealitateak hobeto islatzen dituzte?

Bai, begeriek herrialdearen errealitate historikoak aitortuko dituztelako: Terres de l'Ebre, Pirinio eta Catalunya Central kasu. Lurralde antolaketa berri hau berezkoa da, eta gure lurraldearen ezaugarriekin bat egiten du. Administrazioak sinplifikatuko ditugu, Begerien Kontseiluek Diputazioak ordezkatuko dituztelako. Erabakiak eta plangintzak herrietara gerturatuko ditugu. Gainera, herrialdearen kohesioa indartuko dugu. Katalanismo politikoaren aldarrikapen historikoa beteko dugu.

Antolaketa berriak, baina, hainbat herriren arteko eztabaidak areagotu ditu.

Tamaina honetako aldaketa egiten denean, ulergarria da horrelako eztabaidak sortzea. Aldarrikapen horiek baretzen saiatuko gara. Izan ere, herrialde osoko ikuspegia izan behar dugu. Aldarrikapen horiek ulertuko dute hamarkadak igaro behar izan direla bide hau hasteko. Dena den, begerien antolaketa ez da guztiz itxia, atea irekita dugu. Penedesko lurraldeak, beteak beste, aukera izan dezake bere begeria sortzeko.

Krisiari aurre egiteko eskatu dizue oposizioak, eta lurralde antolaketa albo batera uztea.

Alderdi Popularrari esan diot gai garela bi gauza aldi berean egiteko. Autogobernuan sakontzeko edozein lege proiektu aurkezten dugunean, krisiaren kontua ateratzen dute. Argi esan dezatela: lau probintzia baino ez dituzte nahi. Kataluniako Gobernua krisiari aurre egiten ari zaio ahalik eta berme gehienekin, bere eskumenen barruan eta dituen muga ekonomikoekin. Baina era berean, erreforma honekin ere aurrera egin dezake. CiUren kasua ezberdina da. Aldarrikapen honekin beti egin dute bat, Gobernuan egon diren azken hogei urteetan lurralde antolaketan aldaketak egiteko gai izan ez diren arren. Herrialde ikuspegia izango balute, baina, legea babestuko lukete.Izan ere, Estatutuak begerien antolamendua jasotzen du, eta CiUk Estatutua babestu eta haren alde bozkatu zuen. Adostasunarekin bat egingo ez balute, ez genuke beren jarrera ulertuko.

Lurralde antolaketa berriak Parlamentuko indar politikoen ordezkaritzan eragina izan dezake?

Hauteskunde barrutiak ez du zertan lurralde antolaketarekin bat egin behar. Baina lau hauteskunde barruti izan ostean, orain zazpi izango bagina, argi dago aldaketak egogo liratekeela hauteskunde barruti bakoitzean. Alderdi nagusiek izan dezakete onura gehien, baina uste dugu aniztasun politikoa ez dela arriskuan jarriko, ez duela emaitzetan 180 graduko aldaketa sortuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.