igandea
Gales: Alun Pugh Galesko Kultura ministroak Londresko gobernuari eskatu zion irudi eta ikur naziak publikoan agertzea museoetan izan ezik debekatzeko.
astelehena
Galizia: BNG Bloke Nazionalista Galiziarrean nagusi den UPG Union do Povo Galego (Herri Galiziarraren Batasuna) alderdiak XI. kongresua bukatu zuen. BNGko idazkari nagusi Anxo Quintanari Galiziako Xuntarako presidentetzarako babesa eman zion UPGk.
asteartea
Korsika: Frantziako Poliziak Clandestini Corsi talde armatuaz egiten ari den ikerketari jarraiki, beste hiru pertsona atxilotu eta galdekatu zituen Bastian. Azken hileotan guztira 14 pertsona itaundu dituzte taldearekin lotura dutelakoan.
asteazkena
Herrialde Katalanak: Perpinyako (Ipar Katalunia) eta Korsikako prefet izandako Bernard Bonneti Frantziako estatuak ematen dituen ohorezko bi domina nagusiak ez dizkiola emango iragarri zuen aldizkari ofizialean Parisko gobernuak. Hizkuntza eta kultura katalanaren aldeko zeinahi ekimen boikotatzen aritu zen Bonnet 1993 eta 1998 artean, Perpinyako prefeta zelarik.
osteguna
Korsika: Dirua desbideratzeaz eta FLNC erakunde armatuaren ekintzak egiteko bideratzeaz akusatuta dagoen Charles Pieri enpresaburuaren eta beste 21 pertsonaren epaiketaren data finkatu zuen Frantziak. Martxoaren 10etik apirilaren 15a bitartean epaituko dituzte. Auzipetuen artean Jean-Guy Talamoni diputatu abertzalea dago.
ostirala
Eskozia: SSP Eskoziako Alderdi Sozialistako diputatu Carolyn Leckiek egun beteko kartzela zigorra bete ondoren aske utzi zuten. Erresuma Batuko Itsas Armadak Faslanen (Eskozia) duen basean atxilotu zuten 2004ko abuztuan, eta isuna ordaintzeari uko egiteagatik espetxeratu dute aste honetan.