igandea
Sami Herria: Norvegia eta Suedia banandu zirenetik 100 urte igarota, Sami Herriaren zati bat hartzen duten bi estatuok mugaldeko lurrengatik tirabirak dituzte. Oreinak bazkatzera eramaten dituzten samiek mugaz bi aldeetan larreak erabiltzeko dituzten eskubideak dira tirabiren arrazoietako bat.
astelehena
Flandes: Herrialdeko alderdi nagusia (nahiz eta Gobernuan ez egon), Vlaams Belang eskuin muturreko alderdi nazionalista aztertzen ari da 2006ko udal hauteskundeetan hautagai musulmanak aurkeztea. VB gehienbat immigrazioaren kontrako jarreragatik da ezaguna.
asteartea
Herrialde Katalanak: Kataluniako Generalitateko presidente Pasqual Maragallek esan zuen azken krisiaren ondoren Gobernua (PSC-ERC-ICV koalizioa) «batuago» dagoela. Duela aste batzuk, Maragallek CiU alderdia agintean zela lan publikoak esleitzerakoan komisioak kobratu zituela leporatzean, piztu zen krisia.
asteazkena
Galizia: Hizkuntza Normaltzeko Mahaiak salatu zuenez, galiziera ikastetxeetan erabiltzeko agintzen duen dekretua ikasguen %68etan ez da betetzen.
osteguna
Korsika: Carlu Pieriren aurkako auzian, lekuko batek atzera bota zuen bere testigantza. Pierik hotelaren kontrola haren esku uztera behartu zuela salatu zuen orain egun batzuk eraikineko gerente Edouard Figarellak. Alta, ostegunean testigantza atzera bota eta hau «Poliziak behartuta» egin zuela salatu zuen.
ostirala
Gales: Londresko Komunen Ganberatik bidali zuten Plaid Cymru alderdi abertzaleko Adam Price diputatua. Irakeko gerraren auzian Londresko legebiltzarra «engainatu» izana leporatu zion Pricek Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroari. Pricek ez zuen barkamenik eskatu eta bidali egin zuten.