«Mundu osoko herri indigenak Finnmarkera begira daude gaur», esan zuen Norvegiako Lan ministro Bjarne Hakon Hansenek jabegoa eskuz aldatzeko ekitaldi ofizialean. Finnmarkeko erdiko Lakselv hirian egin zuten ekitaldia aste hasieran. Norvegiako agintari nagusiak ziren han, eta, parean, samien ordezkari, Aili Keskitalo Samien Legebiltzarreko presidentea. «Norvegiako samien autodeterminaziorako urrats garrantzitsutzat», definitu du neurria Stein Torger Svala kazetari samiak.
DANIMARKAREN TAMAINA. Norvegiaren lurraldearen %15aren jabetzari egin dio uko Osloko gobernuak. Finnmark eskualdeak 48.000 kilometro koadro pasatxo hartzen ditu, Danimarkak adina, eta 70.000 inguru biztanle izanda, populazio dentsitatetatea baxua du. Biztanle gehienak kostaldean bizi dira, eta soilik samiak ausartu dira barneko lautada hotzetan bizitzen. Dena den, Norvegiatik, Errusiatik, Suediatik eta Finlandiatik immigrazio handia jaso du eskualdeak. Horren ondorioz, samiak populazioaren laurden bat baino ez dira egun. Edonola ere, Norvegiako sami gehienak eskualde horretan bizi dira.
Atzo arte, Norvegiako Estatua zen Finnmarken lurraren jabea, eta eremuaren %5 baino ez zegoen esku pribatuetan. Kalkuluen arabera, 4.400 milioi euroko balioa du lurrak. Finnmarkeko herritarren lur komunal bilakaturikoa kudeatzeko aginte bat sortu da: Finnmarkkuopmodat (Finnmarkeko Jabegoa, samieraz). Zazpi ordezkarik osatzen dute agintea, hiru Finnmarkeko konterriko administrazioaren ordezkariak dira, beste hiru Samien Legebiltzarrekoak, eta azkenak Osloko gobernua ordezkatzen du. «Oraindik ez gara jabetzen gaurko egunaren garrantziaz», esan zuen transferentzia ekitaldian Egil Olli agintearen presidenteak. Jokoan dagoena oso garrantzitsua da samientzat. Izan ere batzorde berezi batek aztertu behar du orain samiek tokian tokiko lurraren jabetzaz egingo dituzten erreklamazioak. Finnmarken mapa berria egingo da, eta samiek kartografo izateko eskubidea izango dute, historian lehen aldiz.
johann mikkel sara Samien Legebiltzarreko presidenteordea
«Ez da benetako sami estatua, baina beste urrats bat da bide horretan»
E. L.Norvegiaren menpeko samiek duten legebiltzarreko (Samediggi) presidenteordea da Johan Mikkel Sara.
Nolako garrantzia du samientzat Norvegiak Finnmark bere biztanleen esku utzi izanak?
Samiek ez diogu inoiz uko egin gure lur eskubideei. Finnmark samien jabetza zen 1993. urtera arte. Orduan konpainia publiko bati saldu zioten milioi bat dolarren truke, huskeria baten truke, alegia. Orain Norvegia konturatu da eginiko okerraz eta lehen urratsa egin du samien lur eskubideak onartze aldera. Lurra orain bertan bizi den jendearen jabetza da. Eskualde osoa euren kabuz administratuko dute orain. Samien legebiltzarrak neurriak hartu ditu dagoeneko, eskualdearen natur baliabideen ustiaketa arautzeko.
Lurraldearen jabegoa onartuta, ez al du Norvegiak onetsi lehen sami estatua Finnmarken?
Ez da benetan sami estatua, Finnmarken bizi diren guztiek eskubide berdinak dituztelako, norvegiar edo sami izan. Edonola ere, lehen urratsa da bide horretan. Eskubide Batzorde bat osatuko da laster eta 2007ko urtarrilerako lanean hasiko da, samien lur eskubide gehiago identifikatzen. Edonola ere, urrats hau ez da nahikoa. Norvegiak harantzago joan behar du, betebehar gehiago dituelako. Izan ere, Nazio Batuen Erakundearen eskubide politiko eta zibilen aldarrikapena eta nazioarteko beste itunak berretsi dituelako.
Nolako abantailak emango dizkie onarpen honek Finnmarkeko biztanleei?
Samiak eta Finnmarken bizi diren beste herritarrek kudeatuko dute eskualdeak zergen bidez biltzen duen diru guztia. Diru hori Finnmarken geratuko da aurrerantzean, ez da Oslora joango.
Duela bi aste herri indigenen eskubideen deklarazioa onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak. Horren lehen ondorioa da Finnmark herritarrei itzultzeko harturiko neurria?
Duela bi aste Genevan (Suitza) izan nintzen, Giza Eskubideen Kontseiluarekin biltzeko. 22 urtez negoziatu da deklarazioa, eta azaroan NBEren Asanblea Nagusian aurkeztuko da. Nik lan egin nuen Norvegiako ordezkaritzarekin. Norvegia da deklarazioa bultzatu zuen herrietako bat. Tristea izan zen ikustea Kanadak atzera egin duela, eta deklarazioa bultzatu ondoren, kontra egiten ari ziren Genevan.
Zein izango da samiei lurraldetasuna onarrarazteko hurrengo urratsa?
Datorren urteko urtarrilean lanean hasiko den batzordea da hurrengo urratsa. Petrolio eta gas asko ateratzen ari dira Finnmarkeko sami guneetatik iparralderako itsasoan. Kanadan, esaterako, gune indigenetako herritarrek jasotzen dute halako ekimenen onurak, guk orain arte ez, ordea. Finnmarkeko itsasoan samiek dituzten eskubideak onartzea da hurrengo urratsa. Itsasoko baliabideen, arrantzaren, gaineko eskubideak onarraraztea da helburua.