PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak beste bi lagun atxilotu ditu Craigavon hirian (Armagh konderria, Irlanda iparraldea), joan den astelehenean hiri horretan izandako atentatuarekin zerikusia dutelakoan. Egun hartan CIRA Continuity IRAk (IRAren 1996ko zatiketa) Stephen Carroll polizia hil zuen, tiroz. Orain atxilotutakoek 27 eta 31 urte dituzte.
Horiez gain Polizia beste bost lagun galdekatzen ari da joan den astetik, hilketarekin lotura izan dezaketelako.
Beste lau lagun atxilotuta ditu, era berean, baina kasu honetan beste eraso batekin lotuta. Hain zuzen ere, joan den martxoaren 7an Massereeneko base militarrean (Antrim konderria, Irlanda iparraldea) bi soldadu britainiar hil eta beste lau lagun zauritu (bi soldadu eta bi zibil) zituzten atentatuarekin zerikusia dutela uste du Poliziak. Ekintza hori RIRA Benetako IRAk (IRAren 1998ko zatiketa bat) hartu zuen bere gain.
Hala CIRA nola RIRA talde errepublikano txikiak dira, base sozial txikiarekin. Lehenak RSF Republican Sinn Fein (Sinn Feinetik 1986an zatitua) eta bigarrenak 32 Konderrietako Subiranotasun Batzordeak dituzte kide ideologiko, lotura organikorik gabeak. Alderdi hauek ez dute inolako ordezkaritzarik instituzioetan, eta Ostiral Santuko Akordioaren (1998) kontra daude.
INLA Irlandaren Nazio Askapenerako Armada (1974an OIRA IRA Ofizialetik zatitua) da beste talde errepublikanoetako bat. Errepublikano eta sozialista da, eta IRSP Irlandako Alderdi Sozialista Errepublikanoa da haren gertuko ideologikoa. Ostiral Santuko Akordioaren kontra egon arren, 1998tik su-etenean dago INLA. IRSPk ez du ordezkaritzarik instituzioetan.
Irlanda
Beste bi lagun atxilotu dituzte Craigavongo atentatuarekin lotuta
CIRAk martxoaren 9an eginiko erasoarekin -polizia bat hil zuen- zerikusia dutelakoan atxilotu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu