Aurreko astearen bukaeran Bogotan egin bezala, gaur ere atentatua egin dute Kolonbian eta beste bi lagun hil dira -Bogotakoan ere bai-. Calin izan da erasoa, bonba-autoa polizi-etxe baten kontra leherrarazita, eta Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrei egotzi dio. 38 lagun zauritu egin dira. Hildakoetako bat ekintzailea dela jakinarazi dute geroago agintariek.
Polizia-etxearen aurka egin dute atentatua bart (gaur goizean, Euskal Herrian), 70 bat kilo lehergaiz. Iturri ofizialaren arabera, hildakoetako bat erasoaren egilea da. Hasierako informazio batzuen arabera eraso suizida izan zitekeen, baina geroago agintariek baztertu dute hipotesi hori, eta ekintzaile batek gidatzen zuen autoa (lehergaiz betea) polizia-etxearen kontra joarazi ondoren ihes egiten saiatzean hari tiro egin diotela jakinarazi dute; gero hil da, ospitalean. Hain zuzen ere hildakoetako bat ekintzaile hori dela zehaztu dute.
"Terroristak ibilgailua [polizia-etxearen kontra] joarazi du, autoak su hartu, eta berehala lehertu egin da", azaldu du Caliko Poliziako komandanteak, Gustavo Ricaurte jeneralak.
"Gerran gaude, eta gerran halako gauzak gertatzen dira", esan du Jorge Ivan Ospina hiriko alkateak. Gainera, jakitera eman du oraindik hainbat erietxetako informazioa biltzen eta egiaztatzen ari dira, zaurituen kopuru zehatza eta hildako gehiago egon diren jakiteko.
MunDUA
Beste bi lagun hil dira Kolonbian atentatuan, eta FARCi egotzi diote erasoa
Bonba erasoa egin dute Caliko polizia-etxe baten kontra. Aste bukaeran ere bi pertsona hil zituzten, Bogotan. Alvaro Uribe Kolonbiako presidentearen ustez, Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak dira atentatuen egileak. Hildakoetako bat ekintzailea da, erasoa egin ondoren Poliziak tiroz hil du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu