Lau hilabete bete ziren astelehenean Ayotzinapako (Mexiko) 43 ikasle desagertu zirenetik, eta horien gurasoen abokatu Isidoro Vicario Aguilarrekin hitz egin du BERRIAk. Mexikoko Jesus Murillo fiskalak 43 ikasleak hiltzat jo aurretik egin zen elkarrizketa, baina nabarmendu du "kontrakoa frogatzen den bitartean, gurasoentzat bizirik" daudela ikasleak. Horrez gain, beste ikerketa lerro batzuk zabaltzeko eskatu du Vicario Aguilarrek: "Lerro horietako batek militarrengana darama. Horrekin ez dugu esan nahi militarren kontua izan zenik, baina hori ere ikertu egin behar litzatekeela bai".
Agerraldi bat egin dute gurasoek Murillok egin dituen azken adierazpenen harira; "ez dugu onartuko ikerketak ixtea", adierazi du Felipe de la Cruzek gurasoen izenean. Murillok esan zuen frogek "erabat" erakusten dutela gorpuak erre egin zituztela gazteak hil eta gero.
Gurasoen ustez, Mexikoko Gobernuak "izugarrizko presa" du auzia ixteko, eta ez dio inporta horrek gurasoei eragiten dien "mina". Gainera, ikerketei buruzko informazioa gurasoei emateko hartu zuen konpromisoa ez betetzea salatu dute.
"Ez dugu atsedenik hartuko gure seme-alabak eman arte", gaineratu dute.
Irailetik desagertuta
Irailaren 26an desagertu ziren Ayotzinapako 43 ikasle. Astelehenean bete ziren lau hilabete egun horretatik, eta Jesus Murillo Mexikoko fiskalak ziurtzat jo du, dauden frogak eskuan, ikasle horiek hil eta Cocula herriko zabortegian erre zituztela.
Atxilotutako 99 lagunek eginiko adierazpenen eta adituek idatzitako 487 txostenen arabera heldu dira ondorio horretara. Murillok esan du modu "sendoan" geratu dela frogatuta gazteak bahitu, hil, erre eta arrastoak San Juan ibaira bota zituztela.
Ikasleen senide ugarik eta Mexikoko gizartearen zati batek ez du bertsio ofiziala sinesten, eta hamaika protesta egin dituzte gazteak desagertu zirenetik. Fiskalak ondorioei buruzko informazioa zabaldu aurretik, Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak herritarrei eskatu die ez daitezela "auzian harrapatuta" geratu: "Nahigabe, tragedia eta oinaze une honek ezin digu harrapatuta utzi, ezin gara hor geratu".