Gaua da eta isiltasuna da nagusi Tangerreko kaleetan. «Gure etorkizuna aurkitzeko, dena jokoan jartzeko prest gaude, gure bizitza barne». Bashirren hitzak dira. «Afrika diktadura bat da eta gazteok askatasuna dugu amets. Hemendik liluragarria iruditzen zaigun demokraziaz gozatu nahi dugu», Bashirren lagun Mohamed ari da hizketan. «Itsasoan hiltzen bagara, Alak horrela nahi izan duelako izango da». Abdelaziz ari da mintzatzen orain. Mediterraneoaren beste itsasertzera eramango duten txaluparen zain daude hirurak. Bashir, Mohamed eta Abdelaziz marokoarrak dira. Bakoitzak 1.500 euro ordaindu behar izan ditu agian heriotzera eta ez Europara eramango dituen bidaia egin ahal izateko.
Haiekin batera, Tangerren, Zeutan eta Melillan milaka immigrante daude egurrezko itsasontzi txiki eta makal baten zain. Asko eta asko izarren babesean bizi dira, kaleetan, mendietan eta hondartzetan; izan ere, Immigranteak Behin-behinekoz Artatzeko Zentroak gainezka daude. Ceutako zabortegi batean 100 immigrante bizi dira. Sarritan hilabeteak, urteak kasu batzuetan, egoten dira momentu egokienaren esperoan.Oraintsu arte itsasartea igarotzea zen erronka nagusia, egun, berriz, Afrikako iparraldera iristea ezinezko bihurtu da Saharaz hegoaldeko herritarrentzat. Ceutan, esaterako, alarma egoera ezarri dute immigranteak sartzea eragozteko.Beste etorkizun bat dute amets eta itsasartearen beste aldean duintasuna aurkituko dutela uste dute. Sekula ez dute itsasoa ikusi, baina igeri ez jakitea ez da oztopo haien ametsari ekiteko. Ez dute ezagutzen beste itsasertzaren ifrentzua.
Klandestinitatea, bazterkeria, bakardadea...
Klandestinitatea, bazterkeria, langabezia, xenofobia, esplotazioa eta bakardadea dira maiz immigranteek ustezko paradisuan aurkitzen dutena. Hori itsasoaren beste aldera ailegatzen direnen kasuan. Bidean hipotermia, beldurra, urperatzeak, atxiloketak edo aberriratzeak aurkitzen ahal dituzte. Heriotza bera ez bada. Ilusioen hobia deitzen diote 14 kilometroko itsas pasarteari.
1991. urteko maiatzaren 19an urperatu zen aurreneko txalupa kladestinoa itsasartean. Zenbaezinak dira geroztik urperatu direnak. Aurten 119 immigrante hil dira Afrika eta Espainia arteko itsasartean. Azkeneko hamabostak joan den astean bertan, Fuerteventuran. Bidean edo behin kostaldera iritsi ondoren atxilotu dituztenen kopurua nabarmen handiagoa da, hain zuzen ere; 17.688 immigrante atxilotu dituzte Andaluzian eta Kanariar Uharteetan. Aberriratu dituztenak, berriz, 70.000 dira.Mediterraneoko uretan 5.000 immigrante hil dira azken bost urteetan. Bereziki Espainiako eta Italiako itsasertzak baliatzen dituzte afrikarrek Europarako pasarte gisa, baita Greziakoak ere. Txalupak dira garraiobide erabilienak 30 pertsona sartzen dira batez beste txalupa batean, baina baita kamioiak ere.Nola uler daiteke duten apurra utzi, senideak eta lagunak, eta igeri egiten jakin ez arren itsasoa gurutzatzeko prest egotea? Erantzuna Bashirrek ematen du: «Ez dugu beste aukerarik». Gosea, gerra eta etsipena da beste aukera.
Milioi bat immigrante gehiago urtero
Urtero milioi bat immigrante sartzen dira Europara. Egun 18,7 milioi etorkin bizi dira legeztatuta eta uste da beste hiru milioi daudela klandestinitatean. Gero eta immigrante gehiago dago. Espainian 2,5 milioi immigrante bizi dira, populazioaren %6, alegia. 2003. urtean 800.000 immigrante gehiago zenbatu dituzte erroldan.
Paperik gabekoen kopurua zehaztea zaila ba, baina 500.000 inguru daudela uste da.Europako Batasunak 2006a arte 934 milioi euro gastatuko ditu immigrazioari aurre egiteko. Berriki etorkinen sarrera mugatzeko mugak kontrolatzeko agentzia sortzea erabaki du. Bien bitartean, Atzerritar Legeak gogortu egin dituzte Portugalen, Italian, Alemanian eta Austrian. Tartean, kladestinitatean dauden immigranteek arazo gehiago izango dituzte legeztapena lortzeko. Europan ezartzen ari diren politikak zorrotzak eta neurrigabekoak izatea salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Immigrazioaz aritzeko erabilzen den terminologiak herritarrek etorkinez duten irudian eragin zuzena duela kritikatu dute. Ildo horretan, herritarren %60k immigrazioa delinkuentziarekin eta segurtasun ezarekin lotzen dute. Halaber, zabala da europarren artean immigranteak lanpostuak kentzen ari diren ideia. Errealitatea bestelakoa da, ordea, eta ekonomiaren garapena bermatzeko immigranteen beharra ezinbestekoa dela ondorioztatu dute hainbat ikerketek. Jaiotze tasa behera egiten ari den heinean 2050. urtera arte 150 milioi pertsona beharko direla uste du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Immigranteek egiten duten ekarpen ekonomikoa ere gobernuek haiekin gastatzen dutena baino dezente altuagoa da. Gainera, normalean bertako herritarrek egin nahi ez dituzten lanak egiten dituzte immigranteek gizartearentzat oinarrizkoak diren hutsuneak betez.Agintariek pertsonen zirkulazioa mugatu eta merkantziena sustatu egiten dutela diote GKEek, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean zehazten diren artikuluak urratuz. Integrazioa eta eskubideak bermatzeko politikak aldarrikatzen dituzte trukean.Europako Batasuneko Barne ministroek, ordea, immigrazio ilegalari aurre egiteko egitasmoa onartu berri dute. Joan den asteburuan, berriz, Europako eta Magrebeko bosna herrialdek Frantzia, Espainia, Italia, Malta Portugal, Aljeria, Libia, Maroko, Mauritania eta Tunisia goi bilera egin zuten Tunisian. Bertan elkarrekin lan egiteko asmoa baino ez zuten agertu. Bitartean immigrante ugariren ametsak ur azpian geldituko dira, itsasartearen ifrentzuan.
IMMIGRAZIOAREN HAZKUNDEA EUROPAN
Beste itsasertzaren ifrentzua
Gero eta gehiago dira immigranteak, eta horri aurre egiteko neurri zorrotzak ezartzen ari da Brusela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu