Venezuelako Gobernuak jakinarazi duenez, beste lau bahitu libre utzi ditu FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillak, eta dagoeneko Venezuelara bidean dira. loria Polanco de Lozada, Orlando Beltran Cuellar, Luis Eladio Perez eta Jorge Eduardo Gechem Turbay parlamentari ohiak dira aske utzi dituztenak, 6 urtez gatibu eduki ondoren.
Hugo Chavez Venezuelako presidentearen gobernuaren bitartekaritzaz egin da askatze opererazioa; Venezuelako Gobernuko ordezkariek eta Gurutze Gorrikoek parte hartu dute. Hain zuzen ere, Venezuelak bidalitako helikopteroak joan dira Kolonbia hegoaldeko oihanera bahituen bila. Zehazki, Ramon Rodriguez Chacin Venezuelako Barne ministroak parte hartu du operazioan; bera zen FARCek bahituak beren esku uzteko leku zehatza zekien bakarra. Piedad Cordoba Kolonbiako oposizioko senadoreak ere parte hartu du operazioan.
Kolonbiako Guaviare departamenduko hiriburu San Joseko aireportuan geraldia egingo dute bahituak daramatzaten helikopteroek, eta, ondoren, Venezuelara eramango dituzte, Caracasera.
Urtarrilaren erdialdera beste hiru bahitu utzi zituen aske gerrillak, orduan ere Venezuelaren bitartekaritzaz. 44 zibil libre uztearen truke 500 bat gerrillari askatzeko akordioa lortu nahi du FARCek Kolonbiako Gobernuarekin.
Beste lau bahitu libre utzi ditu FARCek eta Venezuelara bidean dira
Duela 6 urtetik gatibu dauzkaten parlamentari ohiak dira. Kolonbia hegoaldean, oihanean, jaso dituzte Venezuelako Gobernuak eta Gurutze Gorriak bidalitako helikopteroek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu