Hobera egin beharrean, Japonian geroz eta gehiago korapilatzen ari da ostiraleko lurrikarak eragindako hondamendia. Gaur goizean beste leherketa bat izan da Fukushimako zentral nuklearrean, hirugarren erreaktorean. 11 pertsona zauritu dira gaurko ezbeharrean. Lehen erreaktorean gertatu zen bezala, hozte sistemaren hutsegite baten ondorioz gertatu da eztanda, hidrogeno pilaketagatik. Hori gutxi balitz, bigarren erreaktorean antzeko arazoa antzeman dute.
Erreaktoreak hozteko sistemak huts egiten ari direnez, itsasoko urarekin ari dira horiek hozten. Hala ere, presioa handia da nukleoan, eta kanpoan erradiazio maila igo egin dela neurtu dute. Japoniako Gobernuak, hala ere, erradiazioa berriro jaitsi dela esan du, eta Tokyo Electric Power enpresak larrialdi egoera bukatutzat eman du.
Bigarren Mundu Gerraz geroztik unerik zailenak
Kezka areagotu egin da, eta gertaera horren aurretik jada lehen ministroak atzo esan zuen Bigarren Mundu Gerraz geroztik bizi dituzten une zailenak direla hauek. Gainera, beste bi zentral nuklearretan ere arazoak daude, eta inguruetan bizi diren herritarrei etxetik ez ateratzeko eskatu diete. Tokion atzo iluntzean kaleak hutsik zeuden.
Bitartean, lurrikarek ez dute etenik. Gaur goizean 6,3 graduko beste bat izan da, eta tsunami alerta berriro piztu dute. Zenbaketa ofizialaren arabera hildakoak 1.627 badira ere, gaur goizean jakin da Minamisanriku herrian, Miyagi eskualdean, 2.000 gorpu aurkitu dituztela. Miyagin aurkitutako beste 200 edo 300 gorpu ere ez dituzte oraindik zenbatu, noiz identifikatu zain baitaude.
Ondorioz, hasieran batean uste zena baino larriagoa da. Desagertutakoak ere asko dira oraindik. Minamisanrikun 9.000 pertsona daude desagertuta, baina tsunamiaren beldur ihes egin zutela uste da, eta inguruko herrietan daudela.