1985ean lurrikara ikaragarri bat bizi izan zuen Mexikok, eta milaka hildako utzi zituen. Irailaren 19an bete dira justu 32 urte; eta justu hura gogoratzeko egindako ekitaldi bat bukatu eta bi ordura, egun berarekin, beste lurrikara handi bat sentitu dute Mexiko Hirian eta inguruko estatuetan.
Moreloseko estatuan gutxienez 55 pertsona hilda daudela azaldu dute. Graco Ramirez estatu horretako gobernadoreak jakinarazi du Jojutlan hamabi behintzat badirela hildakoak Cuernavacan (4), Tetecalan (6), Yecapixtlan (6), Jiutepecen (4), Axochiapanen (4), Miacatlanen (4), Tlayacapanen (4), Cuautlan (1) eta Yatepecen (1) ere atzeman dituzte lurrikararen eraginez hildakoak.
Mexiko estatuan, berriz, 12 hildako zenbatu dituzte, eta Pueblan 39. Alfredo del Mazo estatu horretako gobernadoreak adierazi du 22 zauritu ere badirela eskualdean, eta kalteak badirela etxeetan eta azpiegituretan.
Izatez, Morelos eta Puebla artean sentitu dute lurrikararen epizentroa, 13:40an —Euskal Herrian 20:40 zirela—. Mexiko Hiritik 120 bat kilometrora izan da.
Mexiko Hirian 49 dira hildakoak. Eraikin batzuk bota ditu lurraren astinduak, eta eragin handia izan du hiriburuan. 45 eraikin behintzat bota ditu —haietako bat eskola da, eta han zeuden 20 ume hil dira—, eta horietan lanean ari dira, pertsona gehiago harrapatuta edo hilda ote dauden argitzeko. Argindarra eta telefono zerbitzuak ere moztuta egon dira, baita Metroaren zerbitzua ere.
Mexikon ziren, besteak beste, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako zortzi kideak ere. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, zortzi gazte horiek onik dira, eta euren senideekin hitz egiteko aukera izan dute lurrikararen ostean. Jaurlaritzako Gazteria Saileko zuzendari Ander Añibarro ere Mexiko Hirian da, eta azaldu du programako parte hartzaile guztiak "egoera onean" daudela: horietako bi, Chiapasko San Cristobal de las Casas herrian, eta beste seiak, Oaxacako Puerto Escondido herrian.
Bi aste baino gutxiago dira beste lurrikara bat bizitu zutela Mexiko. Irailaren 7an, 8,2 graduko astindu bat nabaritu zuten, eta 98 pertsona hil ziren orduan.
Azken lurrikara horren ondoren kritikak jaso zituen Donald Trump AEBetako presidenteak, doluminak berandu agertu zituelako, baina oraingoan azkarrago ibili da: "Jainkoak bedeinka dezala Mexiko Hiria. Zuekin gaude eta zuentzako egongo gara han", idatzi du Twitterren.
Ez da doluminak agertu dituen agintari bakarra: Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere elkartasun mezua zabaldu du sare sozialetan: "Elkartasun osoa Mexikorekin. Eta doluminik beroena, maite duten norbait galdu duten guztiei. Animoak erreskate taldeei".
Popocatepetl sumendian, eraginik ez
Lurrikarak Popocatepetl sumendiaren aktibitatean izan lezakeen eraginak kezka eragin du Mexikon, baina hango monitorizazio zerbitzuak azaldu duenez, ez da gorakada nabarmenik erregistratu sumendiaren jardunean. Hala ere, lau mugimendu bolkanotektoniko antzeman dituzte 13:34ean, 13:37ean, 17:06ean eta 17:08ean. Richter eskalan 1,4 eta 2,5 gradu artekoak denak. Popocatepetl sumendiko Larrialdi Bolkanikoen Neurgailua alerta horiko 2. fasean dago, Puebla eta Morelos arteko lurrikararen aurretik bezala.