igandea
Gales: Hizkuntza Galesaren Batzordeko zuzendaria hautatzeko moduaz eginiko ikerketak adierazi zuen Galesko Kultura ministroak ez zuela irizpide politikorik erabili Meri Huws posturako izendatzerakoan. Playd Cymru alderdi abertzaleak jarritako salaketa errefusatu zuen, beraz.
astelehena
Herrialde Katalanak: CDC Convergencia Democratica de Catalunyako (CiU osatzen duen alderdietako bat) idazkari nagusi Artur Masek esan zuen CiUri proposatuko ziola Europako Konstituzioaren gaineko erreferendumean baiezkoa emateko.
asteartea
Korsika: Frantziako Poliziak jakinarazi zuen astelehen gauean Korsikako Akademiak (Parisekiko lotura du) Aiacciun duen errektoretzaren egoitzari jarritako lehergailuak ez zuela biktimarik eragin, soilik kalte materialak. Inork ez du bere gain hartu ekintza.
asteazkena
Herrialde Katalanak: Espainiako Gerran frankistek Herrialde Katalanetan ebatsitako eta Espainiak orain arte Salamancan artxibatutako agiri publiko eta pribatuak Kataluniako Generalitateari itzultzeko erabakiaren ondoren, Valentziako Generalitatearen agiriak ere itzultzeko eskatu zion Madrili Duintasunaren Batzordeak.
osteguna
Eskozia: Ingalaterrarekiko muga eskualdeetan barrena zerbitzua egiten zuen trena berriz abian jartzearen aldeko martxa egin zuten ehunka herritarrek. Trenbidea 1969an itxi zuen Londresek, eta Eskoziako hiruburua, Edinburgo (Dun Eideann), eta Carlisle lotzen zituen.
ostirala
Galizia: BNG Bloke Nazionalista Galiziarreko eledun Anxo Quintanak «Espainiako Estatua eraldatzeko bide galiziarra» proposatu eta Galiziako estatutu berria onartzeko «hauteskunde tirabirak» baztertzea eskatu zuen.