Hauteskundeekin esperientzia handirik ez duen herrialdea da Uganda; hobeto ezagutzen ditu estatu kolpeak eta diktadura militarrak. Atzo zuten botoa emateko eguna ugandarrek, presidentea eta legebiltzarra aukeratzeko. Inkesten arabera, Yoweri Musenevi presidentea da faboritoa, azken 25 urteotan agintean egon dena. Egipto eta Tunisiako erreboltak, ordea, oso gertu daude, eta jada sortu dira lehen liskarrak; hiru lagun hil dira.
Bigarren aldia da Ugandan alderdi politiko bat baino gehiago lehiatuko direna. Horretarako lehenengo aukera 2006ko hauteskundeetan izan zuten, Musenevik Konstituzioa aldatu zuenean. Alderdi gehiagori parte hartzen uzteaz gain, berak agintean jarraitzeko moduan moldatu zuen legea. Aurretik, pertsona berak bi legealdi baino ezin zituen egin presidente gisa; berak aspaldi igaroa zuen muga hori. Legea aldatzeak beste behin hauteskundeak irabaztea ahalbidetu zion, eta orain nahi beste aldiz aurkez daiteke pertsona bera.
Bortitza izan da hauteskunde kanpaina. Musenevik bere irudiz josi ditu hirietako hormak; Ugandako hainbat hedabidek argitaratu dute «inoizko kanpainarik garestiena» izan dela. Dirua ere banatu dute bere alderdikoek boto emaileak erakartzeko; horregatik, hainbat pertsona atxilotu zituzten atzo. Gazteengana ere saiatu da iristen, You Want Another Rap? (Nahi duzu beste rap bat?) abestiaren bidez. Your Rap Is Crap (Zure rapa kaka da) kantua izan da oposizioaren erantzuna.
Ikusteko dago noren kantuak izan duen arrakasta gehien. Berez, boto guztiak bildu eta beranduenez 48 ordura eman behar dituzte emaitzak. Oposizioak jada ikusi du iruzurrerako aukera; azken bozetan ere polemika sortu zen, oposizioaren aurkako jazarpena zela eta. Kizza Besigyek, oposizioko hautagai nagusiak, protestetara deitzeko mehatxua egin du.
Datu ofizialen arabera, ia hamalau milioi ugandar zeuden deituta botoa ematera. Oposizioak zalantzan jarri du kopuru hori. Izan ere, munduko hirugarren estatu gazteena da Uganda; herritarren erdiek hamabost urte baino gutxiago dituzte. Oposizioaren ustez, ezinezkoa da hainbeste jendek botoa emateko nahikoa adina izatea.
Herritarren artean ere zabaldu dute mezua, gerta daitezkeen liskarrei aurrea hartzeko: etxeetan hornidura ziurtatzeko agindu diete. Oinarrizko elikagaien eta erregaiaren prezioek gora egin dute horregatik. Tentsioa nabarmena den arren, presidenteak ez du kezkarik adierazi: «Uganda ez da Egipto; herrialde honetan ez da indarkeriarik izango». Faboritoa bera den arren, azken urteotan gero eta babes gutxiago izan du Musenevik: 1996an bozen %75eko sostengua izan zuen, 2001ean %59koa eta 2006an %69koa.
Bide malkartsua
Gorabehera handiko historia izan du Ugandak. 1962an Erresuma Batutik independizatu zenetik, bortitzak izan dira aldaketa gehienak, eta orain kostata ari da egonkortasunerako bidea egiten.
Musenevi talde gerrillari baten buru zela heldu zen agintera, herria askatzeko promesez. Badira haren jarduna txalotzen dutenak, hazkunde ekonomiko iraunkorra ekarri duela eta hiesa nabarmen murriztu duela esanez—1990eko hamarkadatik hona, %30etik %10 ingurura jaitsi da—.
Ustelkeria ere leporatzen diote, ordea. Munduko Bankuaren arabera, urtero 300 milioi dolar desagertzen dira herrialde horretan. Herritar gehienak landa eremuetan bizi dira, eta edateko ur falta eta azpiegitura falta dute. Horrez gain, Europatik kritika gogorrak egin izan dizkiote homosexualitatea zigortzeagatik.
Betikotzeko jokoa
Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako hauteskundeak egin dituzte Ugandan. Oraingo presidenteak 25 urte daramatza agintean; oposizioak protestarako deia egin du, iruzurra oraingoan ere agerikoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu