Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa NBEn

Betoaren esperoan egon gabe

Palestinak ez du behar bertzeko sostengua izanen Segurtasun Kontseiluan; AEBek ez dute izanen gibelera botatzeko beharrikPalestina Askatzeko Erakundeak «aurki» jakinaraziko ditu hurrengo pausoak

mikel rodriguez
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Palestina estatu gisa onartzeko eskaera NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren eskuetan dago, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak Batzar Nagusian aurkeztu eta hilabete eta erdi baino gehiagora. Denbora horretan guztian, AEBek betoa erabiltzeko egindako mehatxuak baldintzatu du Segurtasun Kontseiluaren erabakia, eta Washingtonen nahia da ahalmen hori erabili beharrik gabe NBEren organo gorenak PANen nahia bertan behera uztea. Segurtasun Kontseilua osatzen duten hamabortz herrialdeen arteko desadostasuna nabarmena da, eta zenbaitek ez dute beren posizioa erabat argitu. Dena den, sorpresa handia litzateke AEBek betorako eskubidea erabili behar izatea —horretarako, bederatzi kidek onartu beharko lukete Palestina—. Horren jakitun, PAE Palestina Askatzeko Mugimenduak NBEn duen ordezkari Rijad Mansurrek iragarri du «aurki» jakinaraziko dituztela hemendik aitzinera emanen dituzten pausoak.

Duela egun batzuk argitaratu zen atzo Segurtasun Kontseilura ailegatu zen txostena. Agiri hori NBEko kide izateko eskariak aztertzen dituen batzordeak egina da —Segurtasun Kontseiluko herrialdeetako ordezkariek osatzen dute—. Tramiteak egin ondoren, gomendio bat igortzen dio Segurtasun Kontseiluari, horrek erabaki bat har dezan. Ondoren, erabaki hori Batzar Nagusiari igortzen dio Segurtasun Kontseiluak. Jose Felipe Moraes kontseiluko oraingo presidenteak erran du, baina, ez dutela gaiari buruz mintzatzeko «egutegi bat finkatu».

BRICSen aldeko botoa

Segurtasun Kontseiluko kideek, ordea, nahi izanez gero auzia bozketa bidez erabakitzea eskatzeko ahalmena dute. NBEko kide izateko eskariak aztertzen dituen batzordeak txostenean adierazi duenaren arabera, kasu horretan zortzi kidek bozkatuko lukete Palestina onartzearen alde: Errusiak, Txinak, Hegoafrikak, Brasilek, Indiak, Nigeriak, Gabonek eta Libanok. BRICS deitutako taldearen lidergoa argia da horien artean. Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hegoafrikak osatzen dute BRICS. Baliabide natural eta energetiko handiak dituzten herrialdeak dira, azken urteetan ekonomikoki etengabe hazi direnak. Ezaugarri historiko, politiko eta sozial aski ezberdineko herrialdeak dira, baina gero eta gehiagotan bat egin dute Mendebaldearen, eta, bereziki, AEBen nagusitasunari mugak paratzeko. Pixkanaka, Gerra Hotzean bloke komunistak hartu zuen tokia hartzen ari dira Mendebaldearen hegemoniari aurre egiteko.

Abstentzioak, zail aldatzeko

Herrialde horiek, baina, boto bat gehiago behar dute Palestinaren eskaria onartzeko. Orduan, soilik betorako eskubidea duen kide batek saihestu ahalko luke onarpena. Eskubide hori duten bi herrialde, Frantzia eta Erresuma Batua, abstentzioaren alde agertu dira. Bertze hiruk ere egin dute aukera horren aldeko hautua: Portugalek, Bosnia eta Herzegovinak, eta Kolonbiak. Horiek ere ez dirudite bozketa eginen balitz iritzia aldatuko luketenik.

Bosnia eta Herzegovinaren kasua, adibidez, aski berezia da. Musulmanek, serbiarrek eta kroaziarrek posizio bateratua eduki ezean, abstentzioa ematera behartuta dago. Musulmanen buruzagiak PANeko Atzerri Gaietarako arduradun Rijad al Malikiri jakinarazi zion Palestinako Estatua onartzearen alde zegoela; serbiarren buruzagiak, ordea, kontra zeudela adierazi zion Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroari. Kroaziarrek ez dute posizioa argitu. Kolonbia, berriz, ezezkotik hurbilago dago baiezkotik baino, AEBekin eta Israelekin berarekin dituen harreman politiko eta militar estuen ondorioz. Iragan hilean Abbas Bogotan izan zen Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea konbentzitu nahian. Santos, ordea, Israelen eta PANen arteko zuzeneko negoziazioen alde mintzatu zen, eta bere burua eskaini zuen bitartekari lanak egiteko.

Hain zuzen, irtenbide hori, zuzeneko negoziazioa, da Barack Obama AEBetako presidenteak jo eta su aldarrikatzen duena. Betorako eskubidea erabiltzea nahikoa luke palestinarren alde bakarreko erabakia bertan behera uzteko, baina azken neurri hori saihestu eta abstentzioarekin aski izatea espero du Obamak. Izan ere, ez du eman nahi AEBak Palestinako Estatuaren aurka dauden irudia.

Obamaren alternatibak, baina, hala izateari utzi dio. Abbasek NBEra jo zuenez geroztik Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBek, Errusiak, Europako Batasunak eta NBEk osatua— elkarrizketa sustatzeko egindako ahaleginek huts egin dute. Negoziazioei berrekiteko PANek okupazioarekin amaitzeko exijitzen dio Israeli, bertzela ez delako izanen aukera berdintasunean eginiko elkarrizketa; Tel Avivek, berriz, baldintzarik ez paratzeko baldintza ezartzen dio PANi.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ez da Obamaz erabat fio, AEBetako presidentea 1967ko mugen arabera eratutako Palestinako Estatuaren alde agertu baita —beti ere negoziazioaren bidez onartuz gero—. AEBetako Kongresua errepublikanoen esku dago, eta horiek ere palestinarren aurka gogorrago ekiteko eskatzen diote Obamari. Beraz, iniziatiba erabat galduta, palestinarren ekimen oro trabatzera mugatu dira AEBak.

Horren azken adibidea, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearekin hartutako erabakia. Palestina bertako kidetzat onartu ondoren, Washingtonek finantzazioa eten dio. 1990ko hamarkadan onartutako lege baten arabera, NBEren organismoren batek Palestina onartuz gero, horri finantzazioa eteteko beharra dute AEBek. Horien dirurik gabe, urte amaierara arteko programa guztiak eten ditu Unescok, aurrekontuaren %22 baitzen. Unescok Palestina onartzearen aurka agertu zen bertze herrialde bat Alemania izan zen. Segurtasun Kontseiluko kide ere bada, eta hor ere onarpenaren aurka bozkatuko duela espero da.

Errepikatzeko asmoa

PANek, ordea, ez du etsitzeko asmorik. Bere aliatu bat, Libano presiona dezake honek Segurtasun Kontseiluak bozketa egin dezan eskatzeko. Esperotako emaitza aterako balitz, heldu den urtean berriz ere prozedura bera errepikatu dezaketela erran du al Maliki PANeko Atzerri Gaietarako arduradunak. Izan ere, kontseiluko aldizkako kideen artean aldaketa egonen da orduan: Brasilen, Gabonen, Libanoren eta Nigeriaren ordez, Azerbaijan, Maroko, Pakistan, Guatemala eta Togo sartuko dira. Mansur PAEk NBEn duen ordezkariak ere gauza bera adierazi du. «Ez gara lehenbiziko aldian errefusatu duten lehenbiziko herrialdea izanen. Adibidez, Israel ere ez zuten onartu 1948ko azaroaren 29an».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.