Gauerdian sartu da indarrean nazioarteak adostutako su-etena. Menia hasi baino minutu batzuk lehenago, ordea, Petro Poroxenkok oharra luzatu die bi aldeei, inork hura urratuz gero gerra legea sartuko da indarrean: "Ziurrenik hau izango da bakerako dugun azken aukera, eta ez dugu alferrik galdu behar".
ESKE Europako Segurtasunerako eta Kooperaziorako Erakundeak berretsi du su-etena errespetatzen ari direla bi aldeak "orokorrean", nahiz eta Debaltseven eta Luhansken eraso bakan batzuk izan diren.
Dena den, goizaldean bai alde bateko nahiz besteko iturriek erasoak salatu dituzte. Ukrainako armadako eledun Vladyslav Seleznyoven esanetan, Popasna hirian miliziek armadari eraso diote, gauerdia igaro ostean. Orotara, hamar bat bonba jaurti dituztela salatu du Kievek. Eraso horietako batean, Luhansketik gertu bi zibil hil dira, bonba bat euren etxearen aurka erori denean.
Gerrillako bozeramaileen arabera, berriz, Ukrainako armada tankeak Debaltseve ingurura eramateko baliatzen ari da menia. Hala, ohartarazi dute hiri hartan ez dagoela indarrean meniarik: "Tiro egin genezake. Gure eskualdea da eta gure kontrolpean dago".