Aurreko urteetan herrietan, udaletan eta, oro har, gizartean lan handia egin ostean, milaka independentistak joan den martxoan ANC Biltzar Nazional Katalana sortu zuten, mugimendu sozial zeharkakoa eta zibila. Sorrera ekitaldian bertan esan zuten Kataluniaren independentziari buruzko erreferenduma 2014an nahiko lukeela. Izan ere, Kataluniarentzat urte berezia da 2014a, orduan beteko baitira 300 urte katalanek Espainiako Ondorengotza Gerran porrot egin zutela —erakunde propioak galdu zituzten handik bi urtera—.
Burujabetza berreskuratzeko asmoz, bide orria aurkeztu zuen ANCk geroago, eta irailaren 11n sekulako indar erakustaldia egin zuen Diadan, Katalunia Europan estatu berria izatearen alde milioi bat pasa lagunek manifestazioa egin baitzuten Bartzelonan —AMI Independentziaren Aldeko Udalen Erakundearekin batera antolatu zuen martxa ANCk—.
Orain mugimendu handi horren guztiaren ondoriotzat jo daiteke CiUk eta ERCk, legealdi berriko gobernagarritasun akordioan, independentzia galdeketa 2014an egingo dutela hitzartu izana. Bi alderdi abertzaleok ere bide orri bat aurkeztu dute.
Ba al dute antzekotasunik ANCren eta CiU-ERCren planek? Zertan bereizten dira? Biak bat datoz galdeketa 2014an egin behar dela. CiUk eta ERCk ez dute zehaztu nola egin aurre legalitate kontuari; "bide formal, juridiko eta instituzional guztiak" landuko dituztela hitzartu dute. ANCk, berriz, formula batzuk zehazten ditu: Europara jotzea, Kataluniako erroldan herritarrek izena ematea eta haiek galdeketa prestatzea...
CiU-ERCren bide orria
1. Kataluniako legealdi berriko lehen bilkuran Kataluniako herriaren burujabetza adierazpena egin.
2. Kontsulten legea onartu parlamentuan.
3. Espainiako Estatuarekin negoziazio prozesua ireki katalanen erabaki eskubidea gauzatzeari buruz.
4. Trantsizio nazionalerako Kataluniako Kontseilua sortu, galdeketa prestatzeko. Erabaki eskubidearen aldeko alderdiek, eragile sozial, ekonomiko eta kulturalek, eta "prestigioko" lagunek osatuko dute kontseilua.
5. 2013ko bukaerara artean bide formal, juridiko eta instituzional guztiak landu, kontsulta legezko esparru batean egin dadin.
6. Galdeketara deitu, Europa barruan Katalunia estatua izateko aukera egoteko.
ANC Biltzar Nazional Katalanaren bide orria
1. [2012ko] Hauteskundeen ondoren erreferenduma egitea proposatu.
2. Galdeketa 2014ko irailaren 11n egin, data sinbolikoa baita. Estatu berriaren aldeko botoek boto-emaileen %55 baino gehiago izan beharko lukete.
3. Espainiak ez badu uzten erreferenduma egiten, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu.
4. Espainiak hori ere eragotziz gero, Kataluniako Parlamentuko ordezkariak, Espainiako katalan diputatuak eta senatariak, eta Europako Legebiltzarreko katalan diputatuak Europako hiri batean bildu, eta independentziaren aldebakarreko adierazpena egin.
5. Espainiak plana eragozten segitzen badu, katalanei aukera eman Kataluniako errolda nazionalean izena emateko. Esparru demokratikoa ahalbidetzea litzateke helburua, gero katalan herriak, nazioarteko bitartekariekin, galdeketa bat prestatzeko.
6. Galdeketan independentziak irabazten badu, Kataluniako Konstituzioa idatzi. Hori ere galdeketara eraman, eta baiezkoa balego, Espainiako Gobernuarekin bereizketa negoziatu.
7. Azken helburua nazio batasun osoa lortzea da, betiere herrialdeetako parlamentuak ados badira. Batasun federala sortuko litzateke, eta katalan herrialdeek erabaki eskubidea lukete.
Autodeterminazioaren aldeko indarrak, parlamentuaren %64
CiUk parlamentuko 135 legebiltzarkideetatik 50 aulki lortu zituen azaroaren 25eko hauteskundeetan (aurreko bozetatik 12 galdu zituen) eta ERCk 21 (+11). PSCk 20 eskuratu zituen, PPk 19, ICVk 13, Ciutadansek 9 eta CUPek 3. Autodeterminazioaren aldeko indarrak parlamentuaren %64 dira —CiUri eta ERCri ICV eta CUP batuta—.
CiUk, ERCk eta CUPek garbi diote estatua sortzea dutela helburu. ICVk bere hauteskunde programan ere bazuen gai hori, lehentasunen artean ez bazen ere.