TIBET

Bi fraide tibetarrek su eman diote euren buruari

18 eta 17 urteko bi monje gazte hil dira, erreduren ondorioz. Students for a Free Tibet elkarteak adierazi duenez, azkeneko hiru urteetan 50 tibetar zendu dira Txinaren okupazioa salatzeko egindako halako protestetan. 

2012ko abuztuaren 28a
15:57
Entzun

Tibeteko Ngaba eskualdeko Kirti monasterioan, bi fraide tibetarrek su eman diote euren buruari, Txinaren okupazioa salatzeko eta dalai-lama erbestetik itzultzeko eskatzeko. Biak, Lobsang Kelsang eta Damchoe 18 eta 17 urteko monje gazteak, hil egin dira erreduren ondorioz. Students for a Free Tibet elkarteak adierazi duenez azkeneko hiru urteetan 50 tibetar zendu dira halako protestetan. Azken hilabetean zazpi kasu gertatu direla salatu du elkarteak. 

"Pekinek bere politikak aldatzeko, militarrak ateratzeko eta immolazioei amaiera emateko gaitasuna dauka; baina horren ordez tibetarren sufrimendua luzatzen du", esan du Tenzin Dorjee-k, elkarteko zuzendariak. Azken hamabi hilabeteetan 48 monjek euren buruari su eman diotela nabarmendu du Dorjeek, eta horietatik lau hil egin direla, gutxienez. Gainera, mobilizazioetan "ehunka" tibetar atxilotu dituztela adierazi du elkarteak eta presoen egoeragatik "kezkatuta" daudela adierazi du. 

Kirti monasterioa eremuko handienetarikoa da, eta 300 monje inguru daude han. Militarrek monasterioa hartu baino lehen 4.000 fraide bizi ziren Kirtin. 2008ko udaberriko matxinadaz geroztik, Tibet osoan behera egin du nabarmen fraide eta moja kopuruak, eta joera hori agerikoa da Ngaba eskualdean.

Txinaren errepresio bortitzak aterabide gutxi uzten die tibetarrei, eta bereziki fraide eta mojei: erbestea edo berreziketa aberkoia —Txinako Alderdi Komunistarekiko leialtasunaren zina egitea—. Kartzela, behartutako desagerpena eta heriotza dira beste aukerak. 1949tik, Pekinek Tibet indarrez bereganatu zuenetik, guztiz debekatuta daude bertako kultura, hizkuntza eta erlijioa, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.