HONDAMENAK ERRUSIAN

Bi hegazkinek une beretsuan talka egin eta 89 lagun hil dira

Zerbitzu sekretuak ez du atentatu zantzurik aurkitu, eta erregaiaren kalitatea txarra zen hipotesia aztertzen ari da

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Moskuko Domodedovo aireportutik astearte arratsean abiatu ziren, eta bidaiari zibilak zeramatzaten bi hegazkin 3 minutuko tartean jausita, 89 lagunek bizia galdu zutela jakinarazi zuten, atzo, Errusiako agintariek. Airekoen lehertzea une berdintsuan gertatzeak atentatuak izan ziren susmoak piztu bazituen ere, aparailuen puskakinetan lehergai zantzurik ez zutela aurkitu zehaztu zuten FSB zerbitzu sekretuek. Ikerketa egileek pilotatze huts egiteen edo akats teknikoen hipotesiak lantzen zituztelarik, Txetxeniako agintari independentistek gertaera hauekiko erantzukizuna izatea ukatu zuten. FSBk emandako argibideen arabera, hegaldatzeko arauak hautsi izana ikertzen ari ziren eta, bereziki, erregaiaren kalitatea txarra ote zen.

Mosku eta Volvograd hirien arteko lotura egiten zuen Volga-Aviaexpresss konpainiako Tupolev 134 hegazkina astearte23:00etan (21:00ak Euskal Herrian) Errusiako hiriburutik 180 kilometro hegoaldera kokatutako Tula hiritik hurbil erori zen, 43 bidaiari eta tripulazioko lankide zeramatzalarik. Handik hiru minutura, Mosku eta Itsaso Beltz ertzeko Sotxi hirien arteko hegaldia egiten zuen Sibir Airlines konpainiako Tupolev 154 hegazkina Rostov hirialdean jausi zen; 46 lagun zeuzkan barruan. Eroritako bi airekoak radar pantailetatik desagertu zirela adierazi zen, Sibir Airlinesko hegazginaren kasuan, eta tripulazioak alerta seinale bat igorri zuen. Hasieran, alerta mezu hori hegazkinean bahiketa bat gertatu zen seinalea zela aipatu bazen ere, Sibir konpainiako arduradunek zehaztu zuten geroago galbide egoera batez abisatzekoa zela. Hauen iritzian, haatik, hegazkina airean zelarik lehertu zen. Hegazkinak erori ziren lekuetara, FSB Errusiako zerbitzu sekretuetako ikertzaileak ere joan zirensorosleekin batera, eta airekoen puskakinak aztertzen hasi ziren lehergai zantzurik zegoen ikusteko. Horrelako ezer ez zela atzeman jakinarazi zuen arratsaldean FSBko eledun Sergei Ignatxenkok. «Gure ikerketen ondorio nagusia da hegazkinen arauzko erabileran makurrak gertatu direla», adierazi zuen erakunde bereko beste bozeramaile batek. Makurrak pilotuen huts egiteak edo akats teknikoak izan zitezkeela gehitu zuen. «Erabat baztertzen dut pilotuen huts egiteak gertatu direnik» iritzi zion ostera Volvogradeko aireportuko zuzendari Iuri Dimitrievek, Errusiako telebistan egindako adierazpenetan. «Hegazkin hauek pairatu ditzaketen egoera larrienetan ere, pilotuaren oker jokatze bat edo sute bat, kasu, tripulazioak beti badu abisu bat eman denbora». Nolanahi ere, kontu hauek guztiak argitu behar lituzkete kutxa beltzek.

Txetxeniarren ukapena

Hondamenen berri jakin bezain laster, Errusiako agintari politiko eta hedabide batzuek Txetxeniako gudukari independentisten «ekintza terroristak» izan zitezkeen hipotesia zabaldu zuten. Bi hegazkinek une beretsuan talka egiteaz gainera, Txetxeniako presidentearen izendatzeko hauteskundeak igandean egitekoak direla eta independentistek gertakizun hau eragozteko ahaleginak egiteko asmoak aldarrikatu izana aipatu zituzten euren susmoak oinarritzearren.

Alabaina, Aslan Maskhadov Txetxeniako presidente independentistaren eledun Faruk Tubulatek erabat gezurtatu zuen hegazkinen jaustearekin zerikusirik izatea. «Gure gobernuak ez du gertakari hauetan inolako erantzukizunik» adierazi zuen Tubulatek Al Jazeera telebista katean. «Jomuga militarrei soilik egiten diegu eraso, eta Errusiako propagandaren jokaera da gertaera hauekin gu nahasi nahi izatea, helburua delarik Txetxeniako herriaren borroka zikintzea», gaineratu zuen Tubulatek. Moskuko Echo irratian, halaber, Maskhadoven gobernuko beste bozeramaile Akhmed Zakaievek zera berretsi zuen: «Txetxeniako Gobernuaren agindupeko indarrek ez dute gertakariotan ezer ikustekorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.