Gutxienez 38 lagun hil dituzte gaur goizean Moskuko metroan egin dituzten bi atentatutan. Zehazki, bi lehergailu zartarazi dituzte, bat Lubyankako geltokian, eta, bestea, Park Kulturykoan. 08:00etan (06:00ak Euskal Herrian) gertatu da eztanda Lubyankako geltokian, eta 20-25 lagun hil dira Errusiako Gobernuko iturrien arabera. "Leherketa gertatu da bagoiak geltokian zeudenean. Bidaiarietako batzuk bagoian hil dira eta beste batzuk nasan", agertu du Larrialdi Ministerioko kide batek Errusiako telebistan. Zaurituak hogei inguru direla erantsi du. Lubyanka Mosku erdialdeko plaza bat da, eta han dago FSB segurtasun zerbitzuen egoitza nagusia.
Handik 40 bat minutura gertatu da bigarren atentatua, Park Kulturyko geltokian. Han 12-14 dira hildakoak eta zaurituak beste hogei inguru. Orain arte, guztira, 38 hildako zenbatu dituzte agintariek, baina litekeena da kopuru horrek gora egitea.
FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzuetako buru Alexandr Bortnikovek agertu duenez, "Ipar Kaukasoko bi emakume suizidak" izan dira atentatuen egileak. Leherketak jazo diren lekuan ustezko bi emakume suizida horien gorpuen arrastoak aurkitu dituztela ziurtatu du. Orain, metroko kamerek bi emakume horiekin grabatu dituzten beste bi emakumeren bila dabiltza segurtasun indarretako kideak.
Atentatuak gertatu diren bi geltokiak Moskuko metroko lerro gorrikoak dira, hau da, Mosku erdigunea zeharkatu eta jende gehien ibiltzen den lerroan. Gaur ere jende asko zebilen atentatuak gertatu zirenean, eta zerbitzua eten behar izan denez, nahasmen handia sortu da hirigune guztian. Egunero 9 milioi lagunek erabiltzen dute Moskuko metroa.
Dmtri Medvedev Errusiako presidenteak "koartelik gabeko gerra" iragarri du "terrorismoaren aurka". "Terrorismoa zanpatzeko eta terroristen kontrako politikak aurrera jarraituko du gure herrian. Terroristen kontrako operazioekin irmo eta amaieraraino segituko dugu", adierazi du ohar baten bidez.
2004an ere izan ziren metroaren kontrako antzeko atentauak. Orduan 41 lagun hil ziren eta 250 inguru izan ziren zaurituak.
Errusia
Bi lehergailu zartarazi dituzte Moskuko metroan, eta 30etik gora dira hildakoak
Beste berrogei bat lagun zaurituta daude. Moskuko metro lerro nagusiko bi geltokitan gertatu dira atentatuak, jende asko zebilen garaian. Errusiako segurtasun indarren arabera, Ipar Kaukasoko bi emakume suizidek egin dituzte atentatuak. Dmitri Medvedev presidenteak "koartelik gabeko gerra" iragarri du "terrorismoaren aurka".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu