2007.urtea arte iraungo du planak. Besteak beste, bertan dauden Irlandako Erret Erregimenduko tropak 10.500 kide izatetik 5.000 inguru izatera pasako dira. Halaxe aurreikusi du Erresuma Batuko Gobernuak, eta halaxe eman du aditzera Ipar Irlandarako idazkari Peter Hainek. Gainera, armadaren dorreak itxiko dituzte, eta polizia- etxeak babesteko erabiltzen dituzten neurri guztiak (harresiak...) lehengo berera itzuliko dituzte. Bi urteko epe horretan espreski Ipar Irlandarako eginiko terrorismoaren kontrako legea ere indargabetzeko asmoa dutela aditzera eman dute. Hala ere, Peter Hainek adierazi duenez, «segurtasun egoeraren araberakoak izango dira aldaketa guztiak». Berak esan duenez, ingeniariak aste honetan bertan hasiko dira segurtasun neurri handienak dituzten bi behaketa dorreak desegiten. Biak auzo katolikoetan daude, bata Belfasten eta bestea Derryn. Hainek aditzera eman duenez. Dena ongi joanez gero, datozen asteotan beste bi dorre desegingo dituzte Armaghen.Lan guzti hau hilabeteotan amaituko lukete beste helburu batzuekin batera, eta aurreikusi duten planaren azken lau hilabeteetan, bestelako zeregin batzuei helduko liekete. Armadaren zereginak, hemendik aurrera, itsasoko operazioetarako entrenamenduak, lehergailuak indargabetzea eta istiluen aurrean Poliziari noizbehinkako laguntzak ematea izango lirateke.1992.urtean sortu zen orain arte Irlanda iparraldean indarrean egon den Irlandako Erret Erregimendua, Royal Irish Rangers eta Ulster Defence Regiment taldeen bateratzearekin. Bertako teniente jeneralak adierazi duenez, egungo armadaren aitzindariek Irlandako iparraldeko normalizazioan paper erabakigarria izan dute.
Herritarren segurtasuna helburu
IRAren inguruan ere hitz egin zuen Hainek bi urteko plan honen inguruko zehaztapenak egin dituenean. Desarme plan hau «baketsua baldin bada», Erresuma Batuak desmilitarizazio kanpaina azkarrago egin dezakeenaren aukera ere zabalik utzi du. «Nirelehentasun bakarra eta garrantzizkoena Irlanda iparraldeko jendearen segurtasuna da» adierazi du Hainek.
Bi urteko plan honen nondik norako gehienak, orain dela bi urte erabaki ziren, Sinn Feinek, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak eta bi gobernukidek izandako negoziazioetan.Sinn Feinek berak eta SDLP alderdi nazionalistak ontzat hartu dute plan hau. Hala ere, SDLP alderdiak plana atzeratuta dagoela adierazi du, «IRA bera ere atzeratu egin delako». Sinn Feineko buru Martin McGuinessek adierazi duenez, mugimendu hauek «armada britainiarraren eta IRAren arteko konfiantza gradu bat erakusten dute». Unionistek, berriz, negargarritzat jo dute ekintza hau. «Irlandako Erret Erregimentuko batailoiak desegiteko erabaki ausart eta goiztiarra da hau», adierazi du Reg Empey UUPko buruak. DUP Alderdi Demokratiko UnionistakoIan Paisleyk Erresuma Batuko gobernuak presentzia militarra murriztea «garesti» ordainduko duela esan du. Erabakia hartzerakoan Londres arinegi ibili dela uste du. Horren aurrean, Sinn Feineko Conor Murphyk unionista guztiei dei egin die, desmilitarizazioa onartu dezaten. «Gogorki militarizatutako gizarte batean nork bizi nahi duen galdetzeko beharra daukat. Gure gizartea desmilitarizatuta ikustea denon onerako da, bai unionista, nazionalista eta errepublikanoentzako ere».
Egitasmoa urratsez urrats
Hurrengo 8 hilabeteetan: -Forkhilleko basea itxi, Romeo dorrea lekuz aldatu eta Newtownhamiltoneko zangarra bota.-Divis Tower eta Derryko bi behaketa dorre bota.-Amagheko bi dorre deuseztatu.-Tropen murriztapenerako plan bat kaleratu.
Hurrengo 12 hilabeteetan:
-Polizia baseen sendotzeak kentzearekin jarraitu.-South Armagheko dorreen ixte eta suntsipena.-Armagh, Fermanagh eta Tyronen poliziarekin batera dauden soldaduak pixkanaka erretiratu.-Maydownen dagoen base militarra kendu.-Desokupatutako tokietan jabetza pribatua itzuli.
Azken 4 hilabeteetan:
-Poliziaren egoeraren gaineko inplementazioa egin-Rosemounteko dorrea kendu-Armadako kideak murriztu-Irlandarako lege terrorista indargabetu