Errusia. Boterearen banaketa

Bide berari eusteko aldaketa

Errusia Batua alderdi ofizialistak presidente izendatu du Dmitri Medvedev, alderdian Vladirmir Putinek lagatako lekua betetzekoMedvedevek, alderdia «demokratizatu», eta «jende arruntarengana zabaldu» nahi du

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Tandemokrazia errusiarra izenez bataiatu izan dute maiz Mendebaldekoek. Xakean erregeak eta dorreak alfilen babesean egiten duten arrokatze mugimenduarekin ere parekatu izan dute sarri. Vladimir Putinek eta Dmitri Medvedevek elkarren artean banatu dute Errusiako boterea azken hamar urteetan, eskuz esku, bereziki 2008az geroztik. Presidentetza eta gobernua trukatu dituzte orain arte, baina gaur, ofizialki, Errusia Batua alderdi ofizialistaren gidaritzan ere jokaldi bera egin dute. Moskun egindako konferenzian, Medvedev hautatu dute alderdiko presidente. Alderdia «berritzea» eta «jende arruntarengana zabaltzea» agindu du Errusiako presidente ohi eta egungo lehen ministroak. Putinek, berriz, Errusia Batua bere aliatu gakoa izango dela nabarmendu du, haren ustez, «herri aberats, sendo eta askea izateko baliabide oro erabiltzeko prest dagoen indarra» delako alderdia.

Presidentetzan hasitako «aldaketa ibilbidea» alderdian jorratu nahi du orain Medvedevek. Errusiako gizartearen zati handi batek burokratek eta karguzaleek boterean gora egiteko plataforma moduan ikusten dute Errusia Batua, eta irudi hori aldatu gura du. «Alderdiko agintarien artean eta jende arruntaren artean ez da arrakalarik egon behar, jende arrunta delako, hain zuzen ere, alderdiaren indar nagusia», azaldu zuen lehen ministroak joan den martitzenean alderdian izena eman zuenean. Izan ere, formalki, Medvedev ez da inongo alderdiri lotuta egon orain arte. Martitzenean eman zuen izena alderdian, eta lau egun geroago izendatu dute alderdiko presidente. Militante txartela duen Errusia Batuko lehen presidentea da.

Alderdiko aginte postuetarako oinarriko militanteak aukeratuko dituela agindu du alderdiburu berriak. Gainera, alderdia demokratizatuko duela agindu du, buruzagi guztiak bozketa bidez aukeratuz: «Beste alderdi politikoetan ikusten ez den barne demokrazia maila lortuko dugu».

Bestalde, oposizioarekin polemikak izateari beldurrik ez izateko eskatu die alderdikideei. «Eztabaidak dira politikaren gatza eta piperra. Eztabaidatzearen artea, aurkari sendo bati aurre egiten jakitea, galderei erantzuten jakitea eta berbazko erasoei eusten jakitea kultura politikoaren parte da».

Presidentetzan eta gobernuan gertatu zaion bezala, Putinek lagatako aulkia betetzera joan da Medvedev alderdi ofizialistara ere. Joan den apirilaren 24an jakinarazi zuen egungo presidenteak alderdiaren gidaritza lagako zuela, lau urteren ostean. Presidentetza eta alderdiaren gidaritza partekatzea kaltegarria litzatekeela argudiatu zuen horretarako. «Uste dut maiatzaren 7an presidente kargua hartu ostean Errusia Batuaren zuzendaritzari uko egitea dela zuzenena. Eta gobernua gidatzeko Medvedev proposatuko dudan bezala, alderdia gidatzeko ere hura proposatzea da aukerarik egokiena».

Behartutako aldaketak

Alderdi ofizialistak gehiengo osoa du Duman —Errusiako Parlamentuan—, baina Putin-Medvedev bikoteak ez du 2008an besteko babes erabatekorik, eta iazko abenduko legebiltzarrerako hauteskundeen osteko protestek isiltasuna hautsi dute kalean—oposizioak iruzurra salatu zuen, eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik gobernuaren kontra izandako protestarik handienak izan ziren Moskun—. 450 eserlekuz osatutako parlamentuan, 392 diputaturen babesarekin izendatu zuten Putin lehen ministro 2008an; duela bi aste, berriz, 299 diputatuk babestu zuten Medvedev gobernuburu moduan.

Botereari luzaroan eusteko, eta kaleko presioak eta iazko abenduko hauteskundeetan izandako beherakadak bultzatuta —lau bototik bat galdu zuen Errusi Batuak— , aldaketa batzuk egitea erabaki zuen Moskuk, eta Medvedev izan da hasieratik aldaketaren irudikapenaz arduratu dena. Bikote politikoaren baitan pisu handiagoa du Putinek, eta estatuburu ukiezinaren eta herritarren arteko bitartekari rola jokatzea egokitu zaio Medvedevi. Abenduko bozen osteko protestak baretu nahian, aldaketa batzuk egin zituen alderdien legean eta gobernadoreen aukeraketa sisteman—bozketa barik hautatzen zituen lehen Kremlinek—. Oposizioak, baina, mesfidantzaz hartu ditu aldaketok, sistemaren benetako zabaltzea baino gehiago boterearen monopolioari eusteko maniobra taktikoa delakoan.

Gobernuan ere aldaketak egingo dituela iragarri du lehen ministroak. Datozen sei hilabeteetarako markatu dituen lehentasunen artean, hauek dira aipagarrienak: legebiltzarrean 2013-2015 urteetarako aurrekontu proiektua aurkeztea, langile publikoen soldatak igotzea, aurreko gobernuak hasitako proiektuak bukatzea eta hainbat enpresa publiko pribatizatzea.

«Honek luze joko du»

Bi pertsonatan oinarritutako botere sistema zurkaiztu nahi du Medvedevek, eta «lasai» egoteko eskatu die alderdikide zein oposiziokoei. «Guztiok erlaxatzeko garaia da; honek luze joko du». Izan ere, hura presidente zela egindako konstituzio aldaketari esker, 2024ra arte egon daiteke Putin Moskuko presidentetzan, eta, orduan, beste hamabi urterako txanda hartu ahal izango du Medvedevek.

«Zaindu ezazu Errusia», eskatu zion Boris Jeltsinek KGB zerbitzu sekretuetako agente ohi Putini 1999an presidente kargua laga zionean, eta eskari hura betetzen jarraitzen du hamahiru urte geroago ere. 2000. urtetik 2008ra arte presidentetzan egon zen, eta Medvedev proposatu zuen orduan presidentetzarako —atzerrian inor gutxik ezagutzen zuen artean—. Hala ere, hasieratik zebilen Medvedev Putinen gerizpean lanean: Putin jarduneko presidente izendatu ostean, Moskura joan zen bizitzera, eta haren kabineteko zuzendariorde izan zen. 2002an, Gazprom Errusiako gas konpainia publikoko presidente izendatu zuten, eta, 2008an, presidentetza lortu zuen. Bi buruko boterea irudikatu arren, bakarra balira bezala aritu dira orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.