'LIBÉRATION'
Masokismoko maisulana
Ezkerreko hautesleen oinaze, beldur, estualdi eta haserre oihu garrasiek dute boto ontzietara ezaren ematera bultzatu (...). Europaren eraikuntza edo honen hedapena, eliteak, liberalismoaren arautzea, erreformismoa, internazionalismoa, eskuzabaltasuna bera ere, hots denak oro erauzten dituen erabateko hondamendi eta populismo izurrite hau guztiz deitoragarria da (...). Frantziarrek jakin badakite euren herrialdea gaizki dagoela; tamalez, baina, gaur egun are gaizkiago dago (...) masokismoko maisulan honek zigortu nahi izan ditu, halaber, ostrukek hazitakoa dirudien eta gezurretan ibiltzea ohi duen mundu politiko bat eta agintearen giderretan dauden erabateko ezgaiak, hauen guztien buru Errepublikako presidentea bera (...).
'LE FIGARO'
Frantziarrak daukaten botereaz ohartu dira
Frantziarrak daukaten benetako botere batez ohartu dira, hau da Europaren eraikuntza norabideratzen ahal zutela eta, euren hautu egitearekin, 450 milioi europarren etorkizuna baldintzatzen ahal dutela (...). Egin zuen apustua galdu egin du Jacques Chiracek eta bere jarraitzaileen artean luzarorako ahulduta geratu daiteke bere aginpidetza (...). Nicolas Sarkozyri, aitzitik, etorkizuna gero eta argiagoa bihurtzen ari zaio (...). Erreferendum honen ostean, baina, eskuineko indarrek ez lukete galtzerat utzi behar PSri hartuta daukaten hobaria, hau bere hautesleetatik banatuta eta sekula baino gehiago zatituta baitago (...).
'L'HumanitÉ'
Esperantza handia
Ezaren garaipena da Europa sozialaren, elkartasunaren eta guztiontzako aurrerakuntzarako Europa baten eraikuntzarako dei ozena; basapiztien legeari uko egiten dion, langileak lehia basatian jartzen dituen eta dirudunen aberastea besterik helburu duen Europa bati arbuio egitea (...). Esperantza handia sortu da eta Europa osoan hazi egingo da (...).