Laurance Mukaremeraren eta Thacien Nkundiyeren kasua ez da bakarra, baina bai nahiko ezohikoa. Halaxe uste du Tharcisse Karugarama Justizia ministroak, ikuspegi baikor batetik: «Ruandarrak ez dira erabat adiskidetu, baina esan dezakegu elkarrekin bizi direla, erabat bakean».
Bake horretan, zauri asko daude zabalik oraindik. Biktima edo borrero izan zen herri baten trauma —hil egin zuten edo hil egin ziren senide eta ezagunak izan zituen herri baten trauma, hain zuzen— ez da agerikoa kanpotar batentzat, ruandar batzuek oraindik dituzten zauri fisiko nabarmenak alde batera utzita. Dena den, genozidioak eta horren oroitzapenak baldintzatu egiten du oraindik herri horren ekintza oro. Hitzek eta hitz horiek esateko moduak garrantzia dute oraindik; zigortuak ere izan daitezke.
Izan ere, nahiz eta Ruandako adiskidetzeak arrakasta izan duen, memoria, bakea eta adiskidetzea osatzeko prozesu hori bertikala izan da, goitik beherakoa, gobernu batek ezarria, eta gobernu horrek ez ditu ondo onartzen ez kritikak, ez ados ez daudenen iritziak. «Gaur egun, badaude lege batzuk eskubideak bermatzeko, baina errealitatea oso bestelakoa da. Badaude egunkari batzuk erabat libreak ez direnak, eta giza eskubideen aldeko zenbait erakunde ezin dira era independentean aritu. Horrez gain, genozidioaren apologiaren inguruko lege bat ere badago, baina ez dago ondo definiturik, eta interpretazio arbitrarioak izan ditzake interes politiko jakin batzuen mesedetan», ziurtatu du Liprodhor erakundearen arduradunetako batek —erakunde hori da Ruandan giza eskubideen alde aritzen diren bakarretako bat—.
Orain, Ruandan ez dago ez huturik eta ez tutsirik, ofizialki bederen: ruandarrak daude bakarrik. Horixe sustatu zuen 1994. urtean boterea hartu zuen gobernuak, etniari buruzko laukitxoa nortasun agiritik kenduta —Belgikako kolonoek ezarri zuten laukitxo hori—. Kolonizazioaren aurretik, talde batekoa edo bestekoa izatea lotuago zegoen klase sozialari, ezaugarri fisiko edo kultural batzuei baino, eta tutsiek eta hutuek bazuten talde batetik bestera mugitzeko aukera. Horrela, gatazka bat sortu zuten, bukaeran genozidio bihurtua.
Mukaremeraren eta Nkundiyeren artean gertatutakoak eta halakoek erakusten dute posible dela adiskidetzea. Eta elkarrekin bizitzea beharrezkoa da. Baina barkamena gobernuak eta, kasu honetan, Mukaremerak emana da; sarri ez da beste biktima batzuek emana. Oraingoz, Ruandan isiltasuna da nagusi, eta bakea inposatu egiten da. Baina, genozidioa izan zenetik hemezortzi urtera, hasi besterik ez da egin benetako kohesio sozial baterako bidea.
Bide luze bat egiteko
Genozidioak eta horren oroitzapenak baldintzatu egiten du oraindik Ruandaren ekintza oro; hitz egiteko modua garrantzitsua da oraindik, zigortzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu