Borrokak igande goizean hasi ziren, ustez Tripolin banku lapurreta egin zuen talde bat hiriko eraikin batean atzeman zutenean. Eraikinean Al Fata-Al Islam taldearen bulegoa dago, eta armada hara sartzera zihoala, talde hartako ekintzaileek hiriburuko hainbat auzotatik eta ondoko Nahr el Bared errefuxiatu gunetik eraso zioten. Ekintzaileek gunearen kanpoaldean armadak dituen postu batzuk hartu zituen. Ondoren borrokak gunera zabaldu ziren. 1969ko Kairoko Akordioari jarraiki armadak ezin du errefuxiatu guneetan sartu, baina kanpotik ekin zion Nahr el Bared bonbardatzeari. Armadak atzo zabaldutako datuen arabera, herenegungo borroken ondorioz gutxienez 27 soldadu eta 20 ekintzaile hil ziren. Alta, errefuxiatu guneko iturrien esanetan, armadak 34 lagun hil zituen, tartean 14 zibil. Armadak gunea itxi izanak hildako eta zauritu kopurua zehaztea zaila egiten zuen.
Atzo borrokek segitu zuten, eta bart elkarri tiro egiten segitzen zuten bi aldeek. Al Fata-Al Islama taldea umeak giza ezkutu gisa erabili izana salatu zuen Osama al Rifai buruzagi erlijioso sunitak. Ilargi Gorri Palestinarrak azaldu zuenez, goizeko su-eten motzak 18 zibil zauritu ospitaleetara eramatea ahalbidetu zien. Beste iturri palestinarren hitzetan, gutxienez bederatzi zibil hil zituzten. Biztanleen esanetan, egoera «tragikoa» da, erasoez gain, edateko ura eta botika gabezia pairatzen ari baitira.
Libanoko Gobernua, Washington eta Londres, besteak beste, kezkatuta agertu dira zibilen heriotzekin, baina bonbardaketa justifikatu egin dute.
LOTURA ARGIRIK GABEKO TALDEA. Al Fata-Al Islam 2006an sortu zuten, Al Fata-Intifada taldetik bereizita. Azken hori 1983an banatu zen Jasser Arafat buru zuen Al Fata mugimendutik. Libanoko gerra zibilean (1975-1990) Israelek Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusia eta beste gerrillari talde batzuk Libanotik ospa egitera behartu eta urtebetera hainbat talde bueltan ziren Libanon. 1983an, barne matxinada gertatu zen Al Fatan, eta Siriaren laguntzaz, Al Fata-Intifadak talde hura eta Arafat Tripolitik egoztea lortu zuen.
Iaz sortutako Al Fata-Intifada, aldiz, kutsu islamistakoa da eta Al Kaedarekiko lotura ukatzen badu ere, helburuak partekatzen dituela dio. Siriako Gobernuarekiko loturak ere ukatzen dituzte, bai taldeak bai Damaskok. Taldeak Nahr el Bareden 200 bat ekintzaile dituela uste da. Otsailean Beiruteko auzo kristau batean bi autobusetan izandako erasoa hari leporatzen diote. Hark hori ukatzen du.
Autonomia, hesi artean
1969ko Kairoko Akordioari jarraiki, Libanoko armadak ezin du errefuxiatu guneetan sartu, ezta ekintzaileek guneetatik at armarik eraman ere; egunotan Nahr el Bared gunean erasoak izaten ari dira.
j.m.s.
Erresistentzia palestinarrak behiala Libanon izan zuen indarraren erakusgarri izan zen PAE Palestina Askatzeko Erakundeak Libanoko armadarekin 1969an Egipton sinatutako hitzarmena, Kairoko Akordio gisa ezagutua. «Palestinarren iraultza» onartu, eta Libanon zeuden palestinarrei «borroka armatuarekin bat egitea ahalbidetzen» zien akordioak, «Libanoren subiranotasuna eta ongizateari kalte ez egitekotan». Libanoko armadako buru Emile Bustanik eta PAEko buru Jasser Arafatek sinatu zuten, 1969ko azaroaren 3an. Akordioaren atalak berez sekretuak izan arren, 1970eko apirilean Libanoko An-Nahar egunkariak testu ez ofiziala argitaratu zuen. Beiruteko gobernuak -artean Israelgo armadak Libano okupatzen zuen- 1987an utzi zuen bertan behera akordioa, baina honek de facto indarrean segitzen du.
1967an Israelgo armadak inguruko estatu arabiarren kontrako gerra irabazi izanak erresistentzia palestinarraren ekinbidea areagotzea eragin zuen. Jordaniatik ez ezik (1970eko Irail Beltz-eko porrota arte), Libanotik ere gogor erasotzen zieten feddayin palestinarrek Israelgo armadari eta kokaguneei. Israelgo armadak ere eraso gogorrak jo zituen bai palestinarren bai Libanoko azpiegituren kontra; esaterako, 1968an Beiruteko aireportua suntsitu zuen. Batetik, gerrillari palestinarren eta Libanoko armadaren arteko borrokak izan ziren PAE eta Libano akordioa hitzartzera bultzatu zuten eragile nagusiak; bestetik, gerrillarien eta Israelgo armadaren arteko borroken ondorioekiko kezka. Izan ere, Israelgo armadak Libanoren kontra makina bat eraso egin zituen. Egiptoko presidente Gamal Abdel Nasser izan zen akordioaren bultzatzailea.
Hitzarmenari jarraiki, orduko 16 errefuxiatu gune palestinarrak -israeldarrek eta milizia falangistek hiru suntsituko zituzten geroago- Libanoko armadaren kontrolpetik kanpo geratu ziren. Hala, armadak guneen inguruak kontrolatu ahal izango zituen, baina haietara sartu gabe. Guneen kontrola PASC Palestinarren Borroka Armatuaren Buruzagitzaren esku geratu zen. Era berean, palestinarrei guneetatik at armatuta ibiltzea galarazten zitzaien, eta Israeli erasotzera joatekotan, muga igarotzeko bideak zehaztera behartzen zien.
«ESTATUA ESTATUAREN BARRUAN».Akordioak beren burua hobeto antolatzea ahalbidetu zien palestinarrei, guneak kudeatzeko herri batzordeak sortzea eragin baitzuen. Guneetan ez ezik, Libanoko hegoaldean ere «estatua estatuaren barruan» eraikitzea ahalbidetu zion PAEri, kritikoen hitzetan.
Lan egiteko, bizitzeko eta mugitzeko eskubideak aitortu bazizkien ere, Gobernuak oztopo ugari jarri zizkien 400.000 errefuxiatu palestinarrei. 72 lanbidetan (bereziki liberaletan) lan egitea debekatu zien, baita askotan guneetan eraikitzea edota etxeak berritzea ere.
Halere, ekintzaile palestinarren eta Libanoko armadaren arteko borrokak ez ziren amaitu, eta horri konponbidea emateko 1973an beste akordio bat sinatu zuten bi aldeek, Melkartekoa. PAEri «Libanoren independentzia, egonkortasuna eta subiranotasuna errespetatzera» behartu zion, baina PAEk aukera izan zuen guneetatik kanpoko zenbait eskualdeetan presentzia armatua atxikitzeko. 1975-1990 arteko gerra zibilak eta Israelen okupazioak PAEren indarra gutxitzea eragin zuten.