Tripoli ondoko Nahar Al Bared errefuxiatu palestinarren eremua bonbardatzeari ekin dio gaur goizean berriro Libanoko Armadak, eta ekintzaileek artilleria astunarekin erantzun diote. Inguru horretan erasoak egiten dituzten bigarren eguna dute, eta iturri ofizialen arabera, eremuan gordetzen diren Fata Islam taldeko ekintzaileei aurre egitea da helburua. Iturri horiek nabarmendu dute, "muturreko islamistak" direla Fata Islam taldeko kideak, eta Al Kaedarekin harremana dutela. Nolanahi ere, 15.000 lagun bizi dira errefuxiatu eremu horretan, eta Libanoko Gobernuak eta PAE Palestinaren Askapenerako Erakundeak 1969an sinatu zituzten hitzarmenen arabera, Armadak ezin du sartu palestinarren errefuxiatu eremuetan.
Nolanahi ere, atzo borrokak piztu ziren Fata Islam eta Libanoko Armadaren artean. Armadak berak zabaldutako datuen arabera, 40 lagunetik gora hil ziren atzo istilu horietan, 22 bat soldadu eta beste 20 bat ekintzaile. Quatargo Al Jazeera telebista kateak, berriz, gaur gutxienez errefuxiatu eremuko sei zibil hil dituztela agertu du.
Al Yazira telebista kateak jakinarazi duenez, Armadaren eta Fata Islameko ekintzaileen artean su-etena lortu dute zaurituak liskar guneetatik atera ahal izateko.
Azken orduetako borrokak 1990ean gerra zibila amaitu zenetik Libano barruan piztu diren gogorrenak lirateke.
Ekialde Hurbila
Bigarren egunez borroka gogorrak Libano iparraldean, Armadaren eta Fata Islameko ekintzaileen artean
Nahr Al Bared errefuxiatu palestinarren eremu inguruan ari dira gertatzen liskarrak, Tripoli ondoan. Gutxienez, 40 lagun hil ziren atzo, eta beste sei gaur. 1990ean gerra zibila amaitu zenetik gertatu diren barne borroka gogorrenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu