"Gutxienez, elkar ezagutzeko balio izan du". Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PPko hautagaiaren hitzak dira. Irudi lezake ezer gutxi alda daitekeela boto joera sei hilabetean, baina abenduaren 20an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zituztenetik ekainaren 26ra bitarteko epeak balio izan du elkar ezagutzeko baino gehiago. Gobernuburu bat ezin aukeratzeak eragingo du horren erantzukizuna modu batera edo bestera banatzea eta gobernua osatzeko negoziazioetan indar korrelazioak ere aldatzea. Baina horiek, ekainaren 27tik aurrerako lanak izango dira.
Bi hauteskundeen arteko gertutasunagatik, ia bigarren itzulitzat har daitezke ekainaren 26ko hauteskundeak. Iazko abenduko bozek Podemos eta Ciudadanos bezalako indar politiko berrien tamaina neurtzeko balio izan zuten, baina gobernua osatzeko negoziazioetan posizionatu egin dira alderdi klasiko nahiz berriagoak, eta neurri batean hori izango da hautesleek epaituko dutena.
Espainiako estatuburuaren aurrean, Rajoyk uko egin zion inbestidurara joateari. Koldar jokatzea egotzi zion PSOEk, baina ez dirudi horrek boto galera handirik eragingo dionik Rajoyri. Aldiz, baliteke duela sei hilabete PPtik Ciudadanosera joandako boto batzuk berreskuratzea.
Mugimendu gehiago izan dira ezkerrean. Abenduan ez bezala, koalizioan aurkeztea adostu dute Podemosek eta IUk, eta ikusteke dago horrek botoak batu edo biderkatu egingo dituen. Bi bloke horien erdian kokatu nahi izan du PSOEk, eta, inbestidura saioan ezezkoa jaso ondoren, Damoklesen ezpata zintzilik du Pedro Sanchezek alderdi barruan; Unidos Podemosek sorpasso-a eginez gero, etxera bidean legoke Sanchez.
Unidos Podemos nagusi Euskal Herrian
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Ahal Dugu izan zen lehen indarra abenduan, eta joera hori indartzea espero du Ezker Anitzarekin eta Ezkerrarekin batuta. EAJk 2011n baino ordezkari bat gehiago lortu zuen iazko abenduan, eta sei diputaturi eusteko moduan jo zuen EiTBk argitaratutako inkesta batek.
Joera negatiboa iraultzen hasteko aukera gisa doa bozetara EH Bildu. Kolpe handia hartu zuen abenduan, eta zerrendetan aldaketak egin ditu: Mikel Otero aurkeztuko da Arabatik zerrendaburu, eta Oskar Matute Bizkaitik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako indarrek, Espainiako Gorteetarako bozak izanagatik, begi bat Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara begira dutela aurkeztuko dira.