Mundua

Bihar aldarrikatuko du Kosovok independentzia

"Kosovoko herritarren borondatea" bihar errealitate bihurtuko dela adierazi du Hashim Thaci lehen ministroak. EBk, berriz, Kosovori independentziarako bidea egiteko laguntzeko misio zibila bidaltzea onartu du bart gauerdian.

2008ko otsailaren 16a
15:34
Entzun
Kosovok bihar aldarrikatuko du independentzia. Hashim Thaci lehen ministroak ez du zuzenean esan biharkoa dela aukeratutako eguna, baina "herritarren borondatea" bihar egia bihurtuko dela ziurtatu du. "Biharkoa egun lasaia izango da, elkar ulertze eguna, eta Kosovoko herritarren borondatea indarrean jartzekoa", adierazi du.

Han diren nazioarteko berriemaileei agertu dietenez, Thacik ez ohiko saioa egiteko esakera aurkeztuko du bihar; 15:00etan hasiko da independentzia aldarrikatzeko xedea duen bilkura. Ondoren, lehen ministroak, Fatmir Sejdiu presidenteak eta Jakup Kraniqi Legebiltzarreko presidenteak agerraldia egingo dute komunikabideen aurrean. Hurrena, Pristina hiriburuko plaza batean ekitaldia egiingo dute, eta iluntzean presidenteak eta lehen ministroak herritarrei zuzendatuko hitzaldia egingo dute.

Independentzia aldarrikapenaren inguruko xehetasun horiek guztiak argitzen ari diren bitartean, EB Europako Batasunak bart gauerdian onartu du Kosovora 2.000 laguneko misio zibila bidaltzea. Hain zuzen ere, gauerdian amaitzen zen estatuek proposamen horren kontra agertzeko zuten epea, eta "prozedura isila" inork hautsi ez duenez, onartuta geratu da.

Orain arte NBE Nazio Batuen Erakundearen ardurapean izan diren gizarte eta politika kudeaketa arloak EBren misio horren esku geratuko dira; batik bat, polizia, epaile, fiskal eta bestelako lan judizialak egingo dituzte, eta Kosovok independentziarako igarobidea egin dezan lagunduko dute. Hain justu, Kosovok independentzia aldarrikatzen duenean hartuko ditu EBko misioak ardura horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.