Atzo gaueko hamarrak arte izan zuten Irlanda iparraldeko biztanleek botoa emateko aukera bertako hauteskundeetan, eta gaur goizean hasi dira bozkak zenbatzen. Emaitza ofizialak ez dituzte bihar arte jakinaraziko.
Parte-hartzeaz ez dago oraindik datu zehatzik baina %60 ingurukoa dela esan dute. Orain dela lau urteko hauteskundeetan %63,9koa izan zen eta 1998koetan %68,8koa. Alderdiak saiatu ziren atzo herritarrak animatzen botoa eman zezaten –taxiak eta dena jarri zituzten haientzat-. Sinn Fein azkenerako “gustura” geratu zen, bere ustez lortu zuelako botoa ematea sustatzea bere kideen artean.
Emaitza ofizialik ez dagoen arren, inkestek DUP (Alderdi Unionista Demokratikoa) eta Sinn Fein, hurrenez hurren, ematen zituzten faboritotzat, baina ikusteko dago euren ordezkaritza handituko duten -32 eta 24 diputatu-. Bi alderdi horiek, Londresek autonomia itzuli ondoren, boterea partekatzea da prozesu politikoak aurrera egiteko gakoa.
Milioi bat pasatxo lagunek zuten atzo bozkatzeko eskubidea. Stormonteko Legebiltzarreko 108 eserlekuak zeuden jokoan, eta 257 hautagai lehiatu ziren, 57 alderdi edo talde ordezkatuta, 18 barrutitan.
Mundua
Bihar arte ez dituzte emaitzak jakinaraziko Irlanda iparraldean
Goizean hasi dira botoak kontatzen, eta inkesteen arabera DUP eta Sinn Fein izn dira bozkatuenak. Parte-hartzea %60 ingurukoa izan da, duela lau urte baino zerbait txikiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu