Katalunia

Bihar eta astelehenean egingo dituzte Torra presidente inbestitzeko saioak

Quim Torrak ez du babes nahikorik izango lehen bozketan presidente izendatua izateko, CUPek, iragarri bezala, abstentzioari eusten badio. Aldiz, astelehenean egingo den bigarren bozketan inbestituko du parlamentuak JxCren eta ERCren aldeko botoekin, beti ere CUPek aurka bozkatzen ez badu.

Quim Torra Parlamentuan, artxiboko argazki batean. ANDREU DALMAU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko maiatzaren 11
07:10
Entzun

Generalitateko presidente berria aukeratuko du Katlauniako Parlamentuak datorren astelehenean, azken orduko ezustekorik ez bada. Larunbatean egingo du inbestidurarako lehen osoko bilkura, 12:00etan hasita; eta bigarren saioa astelehenean izango da.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea kontsulta erronda egiten ari da taldeekin, gaur goizean, eta larunbaterako deituko du inbestidura saioa, segidan.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak atzo izendatu zuen Torra presidentegai, Berlindik. "Behin-behinean" Kataluniako presidente izendatua izateko babesa agertu zion, Puigdemontek ez baitu baztertzen legealdi honetan bera presidente inbestitua izateko aukera.

Era horretan, parlamentuak presidente bat izendatuko du maiatzaren 22ko epemugaren aurretik eta berriz ere hauteskundeak deitu beharra ekidingo du.

Torra presidente izateko, baina, ezinbestekoa da CUPek bigarren bozketan kontrako botorik ez ematea. Hain zuzen, Torraren hautagaitzaren bozketan abstentzioari eutsiko dion ala aurka bozkatuko duen erabakitzeko, CUPek Kontzeilu Nazionala deituko du. Hiru lurralde batzarren eskariz bilduko dira kontseilua eta Ekintza Parlamentario Taldea. Lurralde batzark horiek Torraren hautagaitzaren kontra bozkatzea proposatu dute. CUPek hala egingo balu, hautagaiak ez luke presidente izateko babes nahikorik izango, ezta bigarren bozketan ere.

CUP esana du ez duela JxCren eta ERCren hautagairik babestuko, baldin eta hautagaia Puigdemont ez bada edo legeladirako aurkezten den programa "apurtzailea eta errepublikarra" ez bada.

Presidente inbestitua izateko, hautagaiak gehiengo osoa behar du lehenengo bozketan; hau da, aldeko 68 boto jaso behar ditu gutxienez. Babes hori lortuko ez balu, nahikoa du bigarren bozketan gehiengo soila lortzearekin. Torraren kasuan, bere hautagaitzak ziurtatuak ditu JxCren eta ERCren aldeko 66 botoak —Puigdemontek eta Cominek boto delegatu bidez bozkatzeko aukera izango dute—. Boto kopuru hori Ciutadansek, PSCk, Catalunya En Comu Podemek eta PPk kontra batuko dituztenak baino boto bat gehiago dira. Beraz, nahitaezkoa da CUPek Torraren hautagaitzaren aurka ez bozkatzea, hura presidente izendatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.