Iragan zen Mariano Rajoy Espainiako presidentearen agerraldia kongresuan, baina opor garaiak ez dio atsedenik ekarriko PPri. Aste honetan, Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak eta Javier Arenas eta Francisco Alvarez Cascos idazkari nagusi ohiek deklaratu beharko dute Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Alvarez Cascosek eta Arenasek bihar deklaratuko dute, eta Cospedalek, etzi.
Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren arabera, idazkari nagusiek bazuten ustez PPk ezkutuan zuen diru kontuen berri. Gainera, hiru horiei 2,2 milioi euro jasotzea leporatu zien, El País egunkariaren arabera. Diru hori zenbait enpresarik emandako dirua zen. Fiskalak De Cospedalek soilik deklaratzea eskatu zuen, baina Ruz epaileak beharrezkotzat jo du beste biek ere deklaratzea, legez kanpoko diru emateak 1992tk 2008ra izan zirelako.
Rajoyren hitzak, kolokan
Hori gutxi ez eta El Mundo egunkariak atzo argitaratu zuenez, Rajoy gezurretan aritu zen abuztuaren 1ean Kongresuan. Presidenteak esan zuen bera Espainiako presidentetzara iritsi zenerako Barcenas ez zegoela jada PPn. Egunkarian atzo argitaratu zuen nomina batean ikus daiteke, ordea, iazko maiatzean ari zela oraindik PPtik dirua jasotzen, eta alderdian gehien kobratzen zuena zen, gainera: 18.297 euroko hamalau paga jasotzen zituen.