Ebakuntzarik egin gabe bihotza osatzen lagunduko du HeartLander robota. Niminoa da, 20 milimetro luze baino ez, eta aski da hori sartzeko bular kaiolaren azpialdean zulotxo bat egitea. Ez da beste inolako ebakuntza klaserik behar, eta horrek egiten du, batez ere, erakargarri.
Pittsburgheko Carnegie Mellon Unibertsitateak landu eta aurkeztu du robot honen prototipoa, Cameron Riviere ikertzailearen zuzendaritzapean. Diotenez, zer gura, huraxe egin ahal izango dute kardiologoek robotari esker; botikak bihotzeraino eramateko garraiolaria izan daiteke, edo bihotzean gailuak jartzen eta atontzen dituen ingeniari erizaina.
Zizare bat bezala mugitzeko prestatuta dago gailua; atzeko zatiak aurrekoa mugitzen du, eta horrela egiten du aurrera. Minutuan 18 cm inguru egin ditzake bihotzeko gainazalean. Kanpotik hari batzuen bidez kontrolatzen dituzte kardiologoek robotaren mugimenduak, hurrupatze sistema baten bidez.
ZELULA AMAK ZABALTZEKO. Medikuntza biziberritzailean esperantza duten ikertzaileek, argi ikusi dute etorkizunean arrunt gailu egokia izan daitekeela zelula amak erabiliz bihotzean gaixo dauden zatiak osatzeko eta biziberritzeko. Etorkizunean robotari kamera bat jartzea ere pentsatu dute zenbait adituk, harekin bihotzeko zirrikitu guztiak ikusteko.
Hainbat ikertzailek gogorarazi nahi izan dute, ordea, bide luzea geratzen dela oraindik ere egiteko. Teorikoki, robota ideia aparta dela onartu dute, baina oraindik lana franko dagoela gauzatzeko.
NASA robot kirurgialaria atontzen ari da
AEBetako Espaziorako Agentzia NASA, kirurgialari lanak egiteko gai den robot bat atontzen ari da, etorkizunean espazioan ebakuntzak egiteko erabil daitekeena. Raven izena jarri diote. Ez da lehendabiziko robot kirurgialaria izango, baina ezaugarri aski bitxiak ditu. Batetik, eramangarria da, eta oso arina; batetik bestera eramateko oso erraza egiten du horrek. Bestetik, Internet bidez jasotako aginduei jarraituz lan egiten daki.Datorren hilean urpean saio bat egingo dute robotarekin, zer moduz lan egiten duen ikusteko. Grabitaterik gabeko espazioetan kirurgiak zer bilakaera izan dezakeen ez dakite oraindik ondo ikertzaileek, eta hori argitzea lortuko dute Raven-ekin egiten ari diren ikerketen bidez. NASAko arduradunek azaldu dute, diziplina askoren arteko elkarlanaren emaitza dela robota; gailu arina eta eramangarria egitea lortu dute ingeniariek, telekomunikaziotako adituek, urrutiko aginduak zehatz eta prestu jasotzeko gai izatea, eta, medikuek, kirurgialari izaten erakutsi diote.