gizartea

Bikote bat atxilotu dute Frantzian, euren zortzi seme-alaba jaioberriak hiltzea leporatuta

Etxebizitzaren jabe berriek lorategian zuhaitz bat landatu nahi izan zutenean, plastikozko poltsa bat aurkitu zuten ume baten gorpuzkiekin. Poliziak aurkitu zituen gainerakoak.

2010eko uztailaren 29a
19:56
Entzun
Senar-emazte bikote bat atxilotu du Frantziako poliziak, eurak bizi ziren etxeko lurretan 8 seme-alaba jaioberri lurperatu dituztelakoan. Villers au Tertre Frantzia iparraldeko herri txiki batean aurkitu dituzte hilotzak. Senar-emaztea bizi zeneko txaleta emaztearen gurasoena zen. Eta etxebizitzaren jabe berriak lorategian zuhaitz bat landu nahian ari zirela, ume baten gorpuzkiekin plastikozko poltsa bat aurkitu zuten. Poliziari ikusitakoaren berri aurreko larunbatean eman zioten etxe jabe berriek, eta poliziak gorpu gehiago aurkitu ditu gerora.

45 urteko emazteari "15 urte baino gutxiagokoak nahita hiltzea" leporatu diote. Senarra, berriz, "krimena ez salatzeagatik eta zerraldoak ezkutatzeagatik" atxilotu dute, Douaiko Fiskaltzak adierazi duenez.

Emazteak Dominique Cottrez du izena eta jaioberriak ito izana aitortu du, bertako komunikabide lokalek diotenez. Eta adierazi du bere senarrak, Pierre Marie Cottrezek, ez zekiela ezer. Bikoteak, ustez, 1989. eta 2000. urte artean izan zituen umeak dira hilik aurkitu dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.