Txikizio handiarekin esnatu dira Hanburgoko kaleak. Istilutsua izan da gaua, eta, adibidez, lurreko adokinak altxatuta daude leku askotan, barrikadak egiteko harriak erabiltzeko. Banketxeei ere eraso diete, eta baita hainbat komertziori ere. Gaueko irudietan sua ageri da non-nahi.
Poliziaren arabera, molotov koktelak eta burdinazko barrak erabili dituzte manifestariek. Haiek gotortu diren leku batera sartu, eta hamahiru lagun atxilotu dituzte, gainerakoak beste toki batzuetatik eraman dituzte. 197 polizia zauritu direla berri eman dute, baina ez dute eman zauritutako manifestarien zenbakirik.
Denera, ehunka dira atxilotuak, eta haien artean dago David Rincon bilbotarra. Ostegun gauerdian atxilotu zuten; beste zazpi lagunekin batera afaltzen ari zen tokira sartu zen Polizia, eta hura eraman zuten. Hamasei orduz komisaldegian eduki ostean, epaileak hamabost egunetarako espetxeratzea agindu zuen, instrukzioa luzatuko duela esanez. Espetxean dago orain, eta ez abokatua eta ez lagunak ezin izan dira harremanetan jarri harekin. Ez dakite zer egozten dioten ere. Gainera, astelehenera arte ezin dute prozedurarik jarri martxan. Abokatuak orduan eskatuko du epaiketa azkarra egiteko prozedura martxan hartzeko. G20koen kontrako herritar taldeak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur Bilbon, 19:30ean, Arriaga plazan.
G20ko agintariek azken bilera eguna dute gaur. Errefuxiatuekin hartu beharreko jarrera, klima aldaketa eta ekonomia dituzte hizpide, eta arratsalderako espero da ondorioen txostena.
Leku berean daudela aprobetxatuz, Donald Trump AEBetako presidentea Theresa May Erresuma Batuko gobernuburuarekin elkartu da, eta bi herrialdeen arteko komertzio ituna iristear dela iragarri du.