Barack Obama AEBetako Gobernuko presidenteak iazko maiatzaren 2an jakinarazi zuen Osama Bin Laden Al-Qaedako burua hil zutela Pakistanen, operazio batean, eta AEBetako iturriek geroago zioten gorpua itsasora bota zutela. Baina Wikileaks atariak dio hori ez zela hala izan, eta hilotza AEBetara eraman zutela, CIAren hegazkin batean. Hainbat hedabidek zabaldu dute Wikileaks-ek dioena; tartean, Publico Espainiakoak.
Bin Ladenen gorpua itsasora botatzean —poltsa batean sartuta, pisuarekin-, AEBek zioten soldaduek musulmanen heriotza errituak errespetatu zituztela, eta, gorpua bota duten lekua erromesen helmuga bihur ez zedin, ez zutela jakinaraziko non zegoen. Al Azhar islaman adituak, aldiz, zioen hilotza itsasora jaurtitzea sharia-ren aurkakoa dela.
Obamak zioenez, Pakistan iparraldean zegoen Al-Qaedako burua, Abottabad herrian, eta abuztuan hasi ziren operazioa prestatzen, Pakistango Gobernuaren laguntzarekin. Tiroz hil zuten. Hilketarekin "justizia" egin zuten, AEBetako presidentearen arabera, eta, batik bat, 2001eko irailaren 11n Al-Qaedak AEBetan egindako atentatuak izan zituen gogoan —ia hiru mila lagun hil zituzten—.