Ukrainako gerra

Bira diplomatikoa hasi dute Merkelek eta Hollandek, Ukraina baketzeko asmoz

Alemaniako kantzilerra eta Frantziako presidentea Petro Poroxenkorekin bildu dira, Kieven. Bihar Vladimir Putinekin dute hitzordua, Moskun. John Kerry ere Kieven izan da.

John Kerry AEBetako estatu idazkaria eta Petro Poroxenko Ukrainako presidentea. ROMAN PILIEY / EFE
Adrian Garcia.
2015eko otsailaren 5a
08:37
Entzun

Urtea hastearekin batera, erabat gaiztotu da Ukraina ekialdeko gatazka. Minskeko bake prozesua blokeatuta dago, eta zibilen aurkako erasoak ugariak dira, bi aldeetatik. Giroa baretzeko helburuarekin bira diplomatikoa hasi dute Mendebaldeko hainbat agintarik. Merkelek eta Hollandek bake proposamen berri bat aurkeztuko diete Ukrainako eta Errusiako presidenteei. Ukrainako "lurralde osotasuna" errespetatuko luke bake plan horrek, eta alde bientzako “onargarria” litzateke, Hollanderen hitzetan. Moskun bilduko dira bihar Putinekin.

AEBetako Estatu idazkari John Kerry ere Kieven izan da gaur, Ukrainako Gobernuaren jarrera babesteko. "Errusiak berehala eten behar du matxinoei emandako babesa. Ezin dugu beste aldera begiratu Errusiako soldaduak Ukrainara bidean muga gurutzatzen dutenean". Halere, irtenbide diplomatikoa lehenetsi du Kerryk.

Matxinoek hasitako erasoaldiak kezka areagotu du Washingtonen, eta AEBetako armadako hainbat goi karguk Ukrainari armak ematea proposatu dute. Barack Obamak presidenteak oraindik ez du horren inguruko erabakirik hartu. Frantzia eta Alemania, berriz, Kiev armatzearen aurka agertu dira.

Moskuk zuzeneko mehatxutzat hartu ditu Etxe Zuriaren asmoak. Alexandr Lukaxevitx Atzerri Ministerioko bozeramailearen arabera, bi herrialdeen arteko harremanei “izugarrizko kaltea” eragingo lioke Ukrainari armak ematea. "Kieveko gerraren alderdiaren grina mendekuzalea kontutan hartuta, gatazkak okerrera egingo luke. Ez hori bakarrik. Errusiaren segurtasuna mehatxatuko luke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.