MunDUA

Bizi guztiko kartzela zigorra jarri diote Josef Fritzli

Elisabeth alaba 24 urtez etxeko sotoan gordeta edukitzea, maiz bortxatzea, eta behartutako harreman horien ondorioz jaiotako zazpi haurretako bat hiltzea leporatu diote. Gaur atera dute epaia.

2009ko martxoaren 19a
18:44
Entzun
Epaimahaiko zortzi kideek eta auzia eraman duten hiru epaileek aho batez erabaki dute Josef Fritzl-i (73 urte) bizi guztiko kartzela zigorra jartzea. Gaur atera dute epaia, 14:00ak aldera, Sankt Poltengo (Austria) Auzitegian. Egotzitako kargu denen errudun jo dute. Dena dela, psikiatriko batera eramango dute Fritzl.

Hain zuzen, Elisabeth alaba 24 urtez etxeko sotoan gordeta edukitzea, hura behin eta berriz bortxatzea, eta behartutako harreman horien ondorioz jaiotako zazpi haurretako bat hiltzea leporatu diote Fritzli, besteak beste. Horrek, hango legediaren arabera, bizi guztiko kartzela ezarriko diotela esan nahi du.

Epaiaren aurretik, Christiane Burkheiser fiskalak haren aurkako bizi guztiko kartzela zigorra eskatu du.

Astelehenean hasi zen epaiketa, Sankt Polten hirian. Lehen egunean, alabarekin izandako zazpi haurretako bat hil izana eta esklabotza kargua ukatu zituen. Atzo, baina, jarrera guztiz aldatu eta erruduna dela aitortu zuen. Esklabotza, indarkeria eta bortxaketa aitortu ditu.

Jarrera aldaketa horren atzean alabaren testigantza biltzen duen grabaketa bat egon daiteke. Izan ere, froga gisa aurkeztu zuten herenegun Elisabeth alabaren testigantza. Hainbat egunez grabatutako bideo horretan, 24 urtean berak eta bere seme-alabek jasandako amesgaiztoaren lekukotza eman zuen. Besteak beste, Elisabethek izan zituen zazpi seme-alabetako batek jaio bezain pronto izan zituen arnasa hartzeko arazoei ez ikusiarena egitea leporatzen zion.

Fritzlen abokatu Rudolf Mayerren arabera, alabaren testigantzak eragin handia izan du bere bezeroarengan. Orain arte defentsak erabilitako argudioak hankaz gora jarri ditu horrek, eta epaiketaren norabidea aldatu egin du azken momentuan.

Egozten zaizkion sei karguak onartu ostean, Adelheid Kastner psikiatrak bere egoera psikikoari buruz emandako azalpenak entzun zituen akusatuak. Kastnerren txostenaren arabera, Fritzlek ez dauka sentitzeko gaitasunik, eta "botere behar erraldoia" du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.