Armeniarren aurkako genozidioa. Kurduak

Bizilagunaren aitorpena

Kurduek ere parte hartu zuten armeniarren aurkako genozidioan 1915ean.Turkiak ez bezala, Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduak erantzukizuna aitortzen du

Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagiaren irudia manifestazio batean, iaz, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE.
mikel rodriguez
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Turkiako Errepublikan, gaur egun gutxiengo etniko nagusia dira kurduak. Kalkuluen arabera, datu demografiko ofizialik ez baitago, herritarren %20 inguru dira kurduak. Armeniarren inguruko datu zehatzik ere ez dago. Gaur egun 50.000-70.000 direla diote iturri demografiko gehienek, eta baikorrenek 200.000ra igotzen dute kopurua. Proportzio ñimiñoa, Turkiak 78 milioi biztanle dituela kontuan hartuta. Bi etniek mendeetan lurralde bera partekatu dute Anatoliaren ekialdean, eta 1915eko genozidioak mugarri bat ezarri zuen bien arteko harremanean, kurduek ere parte hartu baitzuten armeniarren aurkako erasoetan. Gaur egun parte hartze hori zenbaterainokoa eta nolakoa izan zen eztabaidagai da, baina Turkian nagusi den jarrerak ez bezala, Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduak egina du genozidioaren aitortza, eta autokritika ere, neurri batean. Turkiaren zapalketaren aitzinean, Kurdistango mugimenduak gutxiengo etniko guztien ordezkaritza eta integratzaile izateko xedea hartu du, baina iraganak sortutako eztabaida ez da desagertu.

«Kurduek egin zuten genozidio hori, ala Otomandar Inperioak tresnatzat erabili zituen?». Australiako Victoria Unibertsitateko irakasle Hussein Tahiri doktoreak egindako galdera da, aste honetan Kurdistango gaien inguruko Ekurd webgunean idatzitako artikuluan. Gaur egungo kurduen ordezkarien artean nagusi den tesia defendatzen du Tahirik ere: Otomandar Inperioan agintea zuen Gazte Turkiarren alderdiak armeniarren aurka erabili zituen kurduak. Gazte Turkiarren helburua Anatolia turkiartzea zen, eta, hori lortzeko, musulmanak ez ziren etnien aurka jotzea zen lehentasuna —kurduak, turkiarrak bezala, musulmanak dira—. XIX. mendearen bukaeran sortutako Hamidiye zalditeria paramilitarra nabarmendu zen armeniarren aurkako erasoetan, eta tokian-tokiko buruzagi tribalek eta lur jabeek ere parte hartu zuten genozidioan. Tahiri doktoreak hainbat motibazio aipatu ditu kurduen jarrera hori azaltzeko: arrazoi ekonomikoak, hainbat eragilek bilatutako tentsio erlijiosoen xaxatzea, kurduen beldurra haien lurraldean Europako potentzia inperialek armeniarren estatu bat ezarriko zuten... Baina Tahrik ukatu egin du kurduek genozidioan izandako jarrera uniformea izan zela. «Dersimgo kurduek [Kurdistanen ipar-mendebaldean] armeniarrekin batera borrokatu zuten Otomandar Inperioaren aurka, eta, batzuetan, armeniarrek tribu kurduen artean bilatu zuten babesa».

1919an I. Mundu Gerra bukatu zen. Otomandar Inperioa desegin zen, eta baita armeniarrak banatzen zituen bertze inperioa ere, Errusia. 1920 eta 1923 artean, potentzia inperialek Ekialde Hurbileko banaketa gauzatu zuten, eta ez kurduak, ez armeniarrak ez zituzten asebete. Kurduak estaturik gabe gelditu ziren; armeniarrek lortu zuten, baina genozidioaren aitzinetik bizileku zuten lurralde zabalaren zati txiki batean, Sobietar Batasunaren barne.

Kurduen eta armeniarren arteko historian bertze aldi bat hasi zen. Alde batetik, Armenia sobietarrean eta 1991tik independentean, kurduak gutxiengo etniko nagusia izan dira. Bertzetik, Otomandar Inperioaren oinordeko, Turkiako Errepublika sortu zen, turkiar etniaren nagusitasuna bermatu nahi zuen ideologia nazionalista batean oinarrituta. Estatu berriak jomugan paratu zuen kurduen aparteko izaera. Genozidioak eragindako hilketen eta deportazioen ondoren, hagitz armeniar gutxi gelditu ziren errepublika horretan. Ordutik, Turkiak gutxiengo etnikoekiko erakutsitako mespretxuak elkartuko zuen kurduen eta armeniarren bidea.

Elkarketa horren zantzu bat izan zen PKK Kurdistango Langileen Alderdiak eta ASALA talde armatu armeniar marxista-leninistak 1980an elkarrekin egindako agerraldi batean jakinarazitako aliantza. 1990eko hamarkadatik aitzinera, PKKren inguruan sortutako mugimenduak armeniarren genozidioa onartzearen aldeko jarrera argia hartu zuen. Erbesteko parlamentu kurduak 1997an egin zuen adierazpena. Abdullah Ocalan PKK-ko buruak, berriz, 1998an aitorpen horren garrantzia nabarmendu zion Robert Kocharyan Armeniako presidenteari eskutitz batean.

Polemika 2013an

Baina tirabirak ere agertu izan dira tarteka. 2013an, Parisen ustez Turkiako zerbitzu sekretuek hiru militante kurdu hil ondoren, armeniarrak haserretu ziren Base Hozat KCK Kurdistango Herrien Konfederazioko ordezkariak egindako adierazpen batzuen ondorioz. «Nazionalismo armeniarra» Turkiako «estatu paraleloetako bat» zela erran zuen, eta tarteka horien arteko interesak bat datozela. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko (Kurdistanen burujabetzaren aldeko koalizioa) ordezkariek berehalakoan egin zituzten adierazpenak haien jarrera argitu eta etnia aniztasunaren aldeko defentsa egiteko. Polemika Ocalanek berak itxi zuen iaz, armenierazko Agos aldizkarira bidalitako eskutitz batekin. «Ez gara borrokan ari soilik herri kurduarentzat, baizik eremu honetako herri eta sinesmen guztien alde». Heldu den ekainaren 7ko parlamenturako hauteskundeetan, HDPren zerrendan bigarrena izanen da Garo Paylan ekintzaile armeniarra. 50 urte dira ez dela parlamentari armeniarrik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.