Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak eguerdian jakinarazi duenez, ekainaren 27an utziko du kargu hori, orduan emango du dimisioa. Jakinekoa zen postua aurten utziko zuela baina ez justu noiz; gaur argitu du. Goizean goiz bere kabinetearekin bilera egin du Downing Streeten, asmo horien berri ministroei ofizialki emateko.
Sedgefielden eman du albistea, bere hautes barrutian. "Hona itzuli naiz, nire bidaia politikoa hasi zen tokira, eta hemen bukatzea egokia da", esan du Blairrek. 54 urte ditu.
Ondorengoa hautatzeko zazpi aste izango dituzte Alderdi Laboristan, eta egungo Ekonomia ministro Gordon Brown izan liteke ordezkoa.
Blair hamar urtean izan da lehen ministro, 1997an hauteskunde orokorrak irabazi zituenetik. Bozak izan eta hurrengo egunean sartu zen Downing Streeten, maiatzaren 2an. John Major kontserbadoraren hurrengoa izan zen Erresuma Batuko lehen ministro postuan.
Hiru hauteskunde orokor irabazi ditu (1997koak ez ezik, 2001ekoak eta 2005ekoak ere bai). Irakeko gerrako parte-hartze zuzena eta Irlanda iparraldeko bake prozesua burutzea izan dira haren bi ekimen garrantzitsuenak. Alderdi Laborista ezkerretik zentrora eraman du Blairrek.
Hurrengo egunetan atzerrira hainbat bisita dauzka. Esaterako, bihar bertan Frantziara, Nicolas Sarkozyrekin eta Jacques Chiracekin egoteko.
Erresuma Batua
Blairrek ekainaren 27an utziko du lehen ministro kargua
Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buruzagi berria aukeratzeko prozesuak zazpi aste iraungo ditu. Gordon Brown Ekonomia ministroa izan liteke haren ordezkoa. Blair hamar urtean izan da lehen ministro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu