Erresuma Batuko lehen ministroa zen Tony Blair, estatu horrek Ameriketako Estatu Batuekin eta hainbat herrialde aliaturekin batera Irakeko inbasioari ekin ziotenean. Hamabi urte igaro dira gerra hura hasi zutenetik, eta orain barkamena eskatu du Blairrek. Aitortu du "egia elementuak" daudela Irakeko gerrak Estatu Islamikoaren hazkundean eragina izan duela dioten adierazpenetan. Aitortu du "erantzukizunen bat" dutela egungo egoeran gerra hura sustatu zutenek.
Hala ere, inbasioa babestu, eta Saddam Husseinen aurka egiteagatik barkamena eskatzea "zaila" dela azaldu du Blairrek, iritzita gerra hari ekin ezean Irak gaur egun Sirian bizi den egoeran legokeela.
John Chilcot diplomazialariak Irakeko gerraz eginiko ikerketa bat argitaratzeko atarian egin ditu adierazpenok Blairrek CNN katean eginiko elkarrizketa batean.