Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Ban Ki-moonek, Boli Kostan gerra zibila pizteko "benetako arriskua" dagoela ohartarazi du. Laurent Gbagbo presidente ohiak azaroaren 28ko hauteskundeak galdu zituen baina ez ditu emaitzak onartzen, eta armada bere alde duenez, bere aldekoen eta Alassane Uattara hautagai irabazlearen aldekoen artean gatazka piztu daiteke.
Nazioarteak Uattara babestu du, baina NBEko idazkariak jada agertu du Boli Kostan dauden 10.000 kasko urdinen segurtasunaren gaineko kezka. Horietako batzuk Uattararen egoitza babesten dute gau eta egun, eta Boli Kostako armadaren erasoren bat jasan dezaketela uste du Ban Ki-moonek. Sitiatu ditzaketelako kezka agertu du, eta kasko urdinak erasotzea "nazioartea erasotzea" dela ohartarazi du.
Alain le Roy NBEko Bake operazioetako arduradunak tentsioa murrizteko Gbagbori eskatu dio bere jarraitzaileei biolentzia bultzatzen duten "probokazioak" eteteko. Gainera, Gbagboren aldekoak armak erosten ari direla ohartarazi du, "Liberiako eta Angolako errebelde taldeei", eta modu horretan Boli Kostari armak saltzeko enbargoa hausten ari direla salatu du.
Guillaume Soro, Uattarak izendatutako lehen ministroak, indar armatuak ibiltzeko eskatu dio NBEari, Europako Batsasunari, Afrikako Batasunari eta Mendebaldeko Afrikako Estatuen Komunitate Ekonomikoari. Orain arte egin diren gauzek ez dutela ezertarako balio izan dio, eta horregatik, indarra erabiltzea beharrezkotzat jotzen du.
Uattarak onartezina dela adierazi du Gbagboren jarrera hauteskundeak galdu eta gero. Hauteskundeen emaitzak onartu beste erremediorik ez daukala esan dio, eta Jauregi Presidentziala utzi beharra daukala nabarmendu. Gbagborak esan zuen Uattarak egoitza ezarrita daukan hoteletik ateratzen den inork ez duela jazarpenik jasango, baina, Uattararen ordezkari batek aderazi duenez, ez diote sinisgarritasun handiegirik ematen horri.
Mundua
Boli Kostan gerra zibila pizteko "benetako arriskua" dagoela ohartarazi du Ban Ki-moonek
10.000 kasko urdin ditu Nazioa Batuen Erakundeak, eta euren segurtasunak kezka sortzen diola onartu du idazkari nagusiak. Uattararen lehen ministroak, indar armatuak ibiltzeko eskatu dio nazioarteari Gbagbo bere tokitik kentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu