Boli Kostan ultimatuma eman diote Gbagbori boterea uzteko

Afrika mendebaldeko estatuen elkarteko ordezkaritzak esku-hartze militarraren aukeraz ohartarazi du jarduneko presidenteaAfrikako Batasunak ordezkari bat bidaliko du, «irtenbide baketsu bat» bilatzeko asmoz

mikel rodriguez
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Esku-hartze militarraren aukera indartzen ari da Boli Kostan. Laurent Gbagbo jarduneko presidentea Afrika mendebaldeko hiru agintarirekin batzartu zen atzo Abidjanen. Beningo, Sierra Leonako eta Cabo Verdeko presidenteek, ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Elkarteak hitzartutako ultimatuma helarazi zioten Gbagbori: boterea utzi ezean, militarki esku hartuko du ECOWASek. Hain zuzen ere, erakunde hori osatzen duten hamabortz herrialdeetako militar buruek batzarra egin zuten atzo Nigeriako hiriburuan, Abujan, Boli Kostako balizko esku-hartze militarraren alderdi estrategikoak, logistikoak eta taktikoak aztertzeko.

ECOWASko ordezkaritzak, erakundeak ortziralean hartutako erabakia Gbagbori helaraztea zuen atzoko eginkizun nagusia, baina hori baino lehen NBE Nazio Batuen Erakundeak Boli Kostan duen misioaren arduradunekin batzartu ziren —gaur egun, NBEren 10.000 kasko urdin daude Boli Kostan—. Bi bilera horiek bukatuta, adierazpenik ez zuten egin nahi izan ECOWASko ordezkariek. Beningo presidente Boni Yayik «dena ongi» joan zela erran zuen soilik. Gbagborekin batzartu ondotik, Alassane Ouattara oposizioko kidearekin ziren elkartzekoak. Ouattara Abidjango Golf Hotelean dago, Gbagboren aldeko indarrek setiatuta. NBEren 700 kasko urdinek eta FN Indar Berriak taldeko gerrillariek babesten dute. ECOWASko ordezkariak helikopteroz hurbiltzekoak ziren hotelera.

Esku-hartze militarraren aukera indartu denetik, Gbagbok eta haren aldekoek gerra hasi eta eskualde osoan desegonkortasun politikoa sortzeko mehatxua egin dute. Gbagbok berak ECOWASi leporatu dio Boli Kosta haren «babespeko lurraldetzat» jotzea.

Iraganean, hainbat esku-hartze militar egin ditu ECOWASek Afrika mendebaldeko gatazketan. Sonatuenak Sierra Leonan eta Liberian egin zituen. Lehenbizikoan, 1998an, Freetown hiriburua okupatu zuen, eta, bigarrenean, bere indarrak hainbat urtez herrialdean eduki zituen 1990eko hamarkadan. Elkarteko hamabortz herrialdeetatik, Nigeriak du gaitasun militar nabarmenena, eta esku-hartze militarrik egotekotan, haren parte-hartzea erabakigarria izanen da.

Gbagbok ECOWASi jaramonik egiten ez badio, ordea, AB Afrikako Batasunak adierazi du ordezkari bat bidaliko duela gatazkari «irtenbide baketsu bat» bilatzeko. Raila Odinga Kenyako lehen ministroa izanen da ordezkari hori.

Ouattararen aldekoek, berriz, gobernuaren aurkako bigarren greba eguna egin zuten atzo. Berri agentzien arabera, herrialdearen hegoaldean, Gbagboren indarrek kontrolatzen duten eremuan, eragin eskasa izan du orain arte. Abidjanen, baina, garraio publikoan eta zerbitzuetan atzo gehiago nabaritu zela diote iturri horiek. Iparraldean, berriz, FN gerrillak kontrolatutako eremuan, jarraipena zabala izan da agentzien arabera.

Bertze gainerakoan, NBEk jakinarazi duenez, jende multzo batek kasko urdinen konboi bati eraso zion atzo Abidjanen, eta soldadu bat besoan zauritu zuten aihotz batekin. Gaur ere, Abidjanen tentsio handia izanen da. Gbagboren aldeko gazte erakundeak gaurko antolatua zuen martxa ez egitea erabaki badu ere, Ouattararen aldeko gazteek karrikara aterako direla iragarri dute, euren liderra «Presidentearen Jauregira eramateko».

Azaroaren 28an egin zituzten hauteskundeak Boli Kostan. Hauteskunde Batzordeak Ouattarari eman zion garaipena, eta nazioarteak ere hala onartu zuen. Gbagbok, ordea, bere burua jo zuen garailetzat. Azken hilabeteko indarkeria giroan, gutxienez 170 lagun hil direla dio NBEk.

Gero eta errefuxiatu gehiago

Hain zuzen, gero eta gehiago dira herrialdeko indarkeria girotik Liberiara ihesi doazenak, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Erakunde horrek dio azken hiru egunetan mila lagun inguruk jo dutela Liberiara babes eske. Boli Kostaren hego-mendebaldean egiten du muga Liberiak, Gbagboren aldeko indarrek kontrolatutako eremuarekin nagusiki. Hala ere, UNHCRk dio bai Ouattararen, bai Gbagboren aldekoek jo dutela mugaren bertze aldera, krisi politikoak berriz ere gerra zibila ekar dezakeen beldur baitira.

Guztira, Boli Kostako errefuxiatuak 15.120 inguru dira, erakundearen arabera. Ihes egin dutenen %62k 18 urte baino gutxiago ditu, gainera. UNHCRk jakinarazi du, errefuxiatuek mugako eskualdean izanen duten eragina Liberiako agintariekin aztertzen ari dela, hango herriak ere txiroak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.